23-24 ikasturtea: orientazio zerbitzuen mapa

0

Oporretatik bueltan bakarrik izan ohi den alaitasunarekin, ikasturte berria prestatzeari ekin diogu, datuak aztertuz eta helburuak finkatuz.

Emaitzak errepasatzen ari garen honetan, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuek izan duten hazkundea nabarmendu behar dugu. 2020 eta 2021 urteetan jasandako geldialdia eta gero (covid-19aren aroa), 2022 eta 2023 urte emankorrak izan dira zerbitzu mota hauen hedapenarentzat.

Pasa den ikasturtean 6 zerbitzu berri gehitu genituen zerrendara (Bilbo, Astigarraga, Garai, Soraluze, Durango eta Eskoriatza) eta helburua da ikasturte berri honetan beste hainbeste batzea.

Guztira 38 dira orain, baina beste 10 udalerrik ere izan dute, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik (kontratazio arazoak nagusiki) orain geldi izan zerbitzua.

Nabarmentzekoa da Durangaldeko Mankomunitatearen kasua. Erakunde mankomunatu honen gidaritzapean Durangaldeko 9 udalerrik orientazio zerbitzua dute gaur egun. Lehenago Txorierriko esperientzia ere izan genuen (gaur egun geldi dago) eta etorkizunari begira irtenbide bezala agertzen zaigu udalerri txikienek orientazio zerbitzua izan dezaten.

Jakitun gara udalerri garrantzitsuak ere lanean ari direla jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak ezartzeko. Beste batzuk, eskarmentu gehiago dutenak, zerbitzuaren berrikutza prozesuetan murgilduta daude.

2023-2024 ikasturtea garrantzitsua izan daiteke ekimen hauen garapenarentzat. Ea zerrenda handitzen den eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen.

Ondo hasi ikasturte berria!