Olatz Garamendi sailburuak nabarmendu duenez, Europar Batasunak ezarritako funtzionarioen bitartekotasunaren % 8ko helburua laster lortuko da Euskadin: langile finkorik gabe dauden lanpostuak betetzeko zain dauden prozesuak amaituko dira.

0
Bilbao 10-11-2022 Entrevista a Olatz Garamendi Landa, Consejera de Gobernanza Pública y Autogobierno del Gobierno Vasco © MITXI

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Cadena Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketan nabarmendu duenez, «Estatua Euskadirekin zorretan dago». Zentzu horretan, gogorarazi duenez, «transferitzeke dagoen transferentzia bakoitzagatik igarotzen den egun bakoitza, gure autogobernua eta euskal herritarren ongizatea eta garapena mugatzea da».

Gernikako Estatutua betetzearekin Estatuko gobernua osatzeko trabak izan dezakeen eraginari buruz galdetuta, Garamendi kezkatuta eta kritiko agertu da «gure autogobernuaren garapenarekin», eta ziurtatu du «egungo ziurgabetasunaren aurrean, Espainiako Gobernuarekin, edozein koloretakoa dela ere, beharrezkoa dela aldebikotasun-harremanean lan egitea».

Urkullu lehendakariak Konstituzio Konbentzioaren beharrari buruz egindako proposamen politikoari dagokionez, sailburuarentzat planteamendu hori «oso egokia da, eta Estatuaren lurralde-ereduari buruzko eztabaida serio eta lasaia hasteko aukera ematen du». Azken egunetan agertutako zenbait ahots diskordanteren aurrean, «Konstituzioak diseinu irekia eta amaitu gabea jasotzen du VIII. Tituluan», eta horrek «Konstituzioaren arkitektura ireki horri buruz hitz egiteko, elkarrizketa eta elkar ulertzeko beharra dakar berekin».

Sailburuak aipatu du Urkullu lehendakariak behin baino gehiagotan egin duela konponbiderako bide desberdinen alde, eta proposamen hori «Konstituzioaren barruan gogoeta egiteko bide bat» dela. Proposatutako itun bikoitzak, lehenik eta behin, «Estatuaren nazioaniztasuna, aldebikotasuna, berme-sistema edo adostutako erabakitzeko gaitasuna aitortzea» jasotzen du. Eta, bigarrenik, «Konstituzioaren lehen xedapenaren irismenaren eta nazionalitate historikoen autogobernuaren azterketa».

Garamendik Etxebizitza Eskubidearen alde Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoari buruz ere hitz egin du, eta testua berrikusteko aldebiko batzordea aktibatzeko deiari eutsi dio; izan ere, adierazi duenez, «ziur dago legeak, bere idazketan, gure gobernuaren eskumenak urratzen dituela artikulu batzuetan».

Era berean, Garamendik legegintzaldiaren azken urte honetarako jorratu beharreko gaiei buruzko errepasoa egin du, «herritarrengandik hurbilago dagoen administrazio baten aldeko apustua eta administrazio digitalago bat lortzeko konpromisoa”. Ildo horretan, NIK Patrika Digitala aplikazioa nabarmendu du farmazietan, kiroldegietan edo liburutegietan identifikatzeko alternatiba gisa, «gure telefono mugikorretan plastikozko txartelen aurrean».

Halaber, EAEko Administrazio Orokorreko finkatze prozesuak amaituko dira. Prozesu horien bidez, «3700 plaza huts beteko dira karrerako funtzionarioekin, eta Europar Batasunak ezarritako bitartekoen % 8ko helburua lortuko da». Azkenik, sailburuak Gobernu Irekiaren eta Gardentasunaren arloan egindako lana nabarmendu du, baita legegintza-egutegiaren betetze-maila ere, «Gobernu Kontseiluan Gardentasunaren Legea» laster onartuta amaituko dena.