Eusko Jaurlaritzak Gobernu Irekiaren munduko goi-bileraren zortzigarren edizioan parte hartuko du Tallinen, Estonian

0
  • Miren Martiarena Gobernu Irekiaren zuzendariak parte hartuko du goi-bilerako hainbat ekitalditan
  • 70 herrialde baino gehiagoko 2.000 pertsona inguru biltzen diren topaketa honen helburua da aro digitalean irekitako gobernuaren eta teknologiak gobernantzan duen ahalmenaren inguruan eztabaidatzea

Miren Martiarena Gobernu Irekiko zuzendariak hainbat ekitalditan parte hartuko du aste honetan, Tallinen (Estonia) egiten ari den Open Goverment Partnership (OGP) Global Summit 2023aren esparruan.

Zortzigarren goi-bilera honetan, Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzako kide diren 70 herrialde baino gehiagotako 2.000 pertsona inguru bilduko dira, bai eta gizarte zibileko eta akademiako talde batzuk ere, aro digitalean irekitako gobernuaren, gobernantza eta politiken formulazioa gardenagoak eta arduratsuagoak izateko teknologiaren ahalmenaren eta demokraziaren zaintzaren inguruan eztabaidatuko dutenak.

Gaur bertan, goi-bilera hasi aurreko ekitaldi batean, Martiarenari harrera egingo dio Estoniako hiriburuko alkate Mihhail Kõlvartek, eta goi mailako mahai-inguru batean parte hartuko du, non tokiko ekintzak herritarren parte-hartzearen bidez GJHen aplikazioa bultzatzeko duen garrantziaz eztabaidatuko den. Eusko Jaurlaritzako ordezkaria Suediako, Alemaniako edo Norvegiako goi-kargudunekin egongo da.

Bi eguneko goi-bileran, irailaren 6tik 7ra bitartean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Gobernu Irekiko zuzendariak «Gobernu irekiaren anbizioa errealitate bihurtuz» izeneko goi mailako mahai-inguru nazionalean parte hartuko du. Bertan, Martiarenak esperientziak partekatuko ditu Erresuma Batuko, Nigeriako, Norvegiako, Albaniako edo Estatu Batuetako goi-kargudun eta ministroekin, OECDko ordezkariekin eta gizarte zibileko nazioarteko erakundeekin. Parte-hartzaileek OGPren 2023-2028 estrategia nola bultzatuko duten izango da eztabaidaren ardatza, haien anbizioa areagotuz eta erreforma eraldatzaileak sustatuz.

OPEN GOVERMENT PARTNERSHIP (OGP)

Gobernu Irekirako Aliantza alde anitzeko ekimena da, eta gobernuen konpromiso zehatzak ziurtatu nahi ditu gardentasuna sustatzeko, herritarrak gaitzeko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta gobernagarritasuna indartzeko teknologia berriak baliatzeko.

OGP 2011n kaleratu zen formalki, NBEren Batzar Nagusiaren bilera batean. Gaur egun, 75 herrialde eta 104 tokiko gobernu biltzen ditu, bi mila milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen dituztenak, eta gizarte zibileko milaka erakunde, gobernu «irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak» sustatzeko mekanismoak ebaluatu eta garatzeko. 2018an, OGPk Euskadi hautatu zuen bere programan parte hartzen duten mundu osoko 20 eskualdeetako bat izateko.