Gazteentzako prestakuntza-laguntzak eskatzeko epea hilaren 15ean amaituko da

0

Barakaldoko gazteek bi aste dituzte oraindik prestakuntzarako inbertsio ekonomikoa murrizteko dirulaguntzak eskatzeko. Barakaldoko Udalak abuztuaren 15ean ireki zuen ezagunak diren prestakuntzarako laguntzak eskatzeko epea, eta irailaren 15era arte egongo da irekita. Ekimen honen bidez, prestakuntzan edo material informatikoan inbertitu dutenek kostuaren % 30 eta % 50 artean berreskuratu ahal izango dute.  Zalantzak argitzeko eta Barakaldoko Udalak gazteentzat abian dituen laguntza-ildoak ezagutarazteko, Udaleko Gazteria Zerbitzuak informazio-hitzaldi bat antolatu du datorren ostegunean, hilak 7 (18:00etan), Gazte Bulegoaren egoitzan (San Juan kalea 17).

Horrela, bada, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek prestakuntza ikastaroetan -hizkuntzak, masterrak, heziketa zikloak…– egiaztatutako gastu osoaren % 30 eta % 50 bitarteko dirulaguntza jaso ahal izango dute, bai eta material informatikoa erosteko gastuaren % 30 berreskuratu ere, gehienez.

Laguntzak egoitza elektronikoaren bidez eska daitezke: www.barakaldo.eus edo aurrez aurre udaletxean eta Gurutzetako eta Clara Campoamor zentro zibikoetan dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ). Auzoetako bulego elektronikoen bidez ere egin daiteke eskaera.

Irailaren 7rako (osteguna) aurreikusitako hitzaldian emango da laguntza horien eta gazteen emantzipaziorako laguntzen berri. Jonathan Martín Gazteria Arloko zinegotziak ekimen horren berri eman du gaur. Ekimen hori Uplift Europako proiektuaren ondorioz abian jarritako Udal Emantzipazioko Eskolaren barruan kokatzen da. Proiektu horretan, Barakaldo da gazteen emantzipazioaren arazoari irtenbideak bilatzen parte hartzen duen Estatuko hiri bakarra.  «Uplift proiektuaren barruan, gazteek emantzipatzeko balia zitzaketen laguntza-lerroei buruzko orientabidea eta informazioa eskatu ziguten. Izan ere, askotan, dokumentu ofizialek hizkera teknikoegia erabiltzen dute, eta azalpena behar izaten dute. Hori da hitzaldi hauekin lortu nahi duguna. Alde batetik, informazioa hurbiltzea, eta, bestetik, era guztietako zalantzak argitzea, hizkera hurbilagoa eta ezagunagoa erabiliz», adierazi du Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek.

Informazio-hitzaldi horretara joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Egun eta ordu horretan, Gazte Bulegoko hezitzailea eta orientatzailea egongo dira, bai eta Eretzako eta Hezkuntza Arloko teknikariak ere, zalantza espezifikoagoak argitzeko.