- Iñigo Urkulluren ustez, Estatuaren errealitate plurinazionalaren aitorpen politikoa «oraindik konpondu gabe» dago
- Aurrera egiteko eta urratsak ematen jarraitzeko modu asko daudela dio, baina urratsak emateko «borondatea» behar dute
Estatuan Trantsizioak “izan nahi zuena baina gero gauzatu ez den hasierako espiritua berreskuratzea” proposatu du Lehendakariak. Hori da Iñigo Urkulluk Estatu eredua itunduta erreformatzeko egin berri duen Konbentzio Konstituzionalaren proposamenaren oinarrietako bat.
Urkulluk Miramar Jauregian (Donostia) parte hartu du gaur, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin batera, UPV/EHUren «Federalismoaren eta Sistema Autonomiko Espainiarraren Erronkak» Udako Ikastaroaren itxiera ekitaldian. Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, 1978ko Espainiako Konstituzioak ezarritako lurralde eredua «amaitu gabe dago, argi eta garbi».
Gainera, Konstituzioan bertan jasotzen den bezala, Trantsizioaren espirituak autonomia erkidego komunak eta errealitate nazional historikoak zehazten zituen. «Bereizketa horrek 1978ko Konstituzioaren aurreko autogobernu errealitate propioa dugun erkidego historikoak identifikatzen ditu, hau da, Euskadi, Katalunia eta Galizia», adierazi du Lehendakariak. Ildo horretan, Euskadiren kasuan, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian eta Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarri bakarrean hala jasota dagoela azpimarratu du.
Lehendakariak gogorarazi du Estatuaren errealitate plurinazionalaren aitorpen politikoa dela «oraindik konpondu gabeko» gairik erabakigarriena, eta egoera horri aurre egiteko Konbentzio Konstituzionala proposatu du, «Estatuaren izaera plurinazionalaren esanahia eta zenbaterainokoa elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez adostu ahal izateko tresna gisa”.
Urratsak ematen jarraitzeko modu asko daudela adierazi ostean, Estatuaren errealitate plurinazionala onartzeko «borondatea» ezinbestekoa dela zehaztu du, baina horretarako «zailtasun handiak» daudela gaineratu du. Era berean, gogorarazi du bere agintaldian hainbat proposamen egin dituela «bide federal» baten oinarriekin lurralde eta elkargune bat bilatzeko.
Ildo horretan, Espainiako Estatu eredua herrialde garatuetako federazio liberaletatik urruntzen eta zailtzen duten kontuei buruz hausnartzea proposatu du. Hauek dira: botere legegileen banaketa zalantzagarria; eredu autonomikotik kanpoko Estatu unitario baten parametroei jarraitzen dien botere judiziala; Senatua ezin da lurralde ordezkaritzako ganbera gisa hartu; eta autonomia erkidegoak Europar Batasuneko erakundeei dagokienez eragile politikotzat ez hartzea.
Amaitzeko, Lehendakariak esan du prozesu horren emaitza ez dagoela idatzita, «akordioaren eskutik» etorriko dela, eta horretarako «beldurrik gabe ausartu» behar dela gaineratu du.