Hilaren 15ean amaitzen da gazteentzako prestakuntzarako laguntzak eskatzeko epea Barakaldon

0

Barakaldok prestakuntza-ikastaroetan egiaztatutako gastu osoaren % 50era arteko dirulaguntza emango du aurten ere. Gazte Bulegoak hitzaldi bat antolatu du hilaren 7rako, arratsaldeko 18: 00etan, hirian gazteentzat irekita dauden laguntza-lineen berri emateko.

Barakaldoko gazteek oraindik bi aste dituzte dirulaguntzak eskatzeko, prestakuntzan egiten duten inbertsio ekonomikoa murrizteko. Barakaldoko Udalak abuztuaren 15ean ireki zuen dagoeneko ezagunak diren prestakuntzarako laguntzak eskatzeko epea, eta irailaren 15era arte egongo da zabalik laguntza horiek eskatzeko epea. Ekimen honen bidez, prestakuntzan edo material informatikoan inbertitu dutenek kostuaren % 30-50 berreskuratu ahal izango dute. Zalantzak argitzeko eta Barakaldoko Udalak gazteentzat abian dituen laguntza-ildoak ezagutarazteko, Udaleko Gazteria Zerbitzuak hitzaldi informatibo bat antolatu du datorren ostegunean, hilak 7, 18: 00etan Gazte Bulegoaren lokalean (San Juan, 17).

Prestakuntzarako laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat dira, eta prestakuntza-ikastaroetan – hizkuntzak, masterrak, prestakuntza-zikloak… – egiaztatutako gastuaren % 30 eta % 50 bitarteko partida jaso dezakete. Eta material informatikoa eskuratzeko egiaztatutako gastuaren % 30 berreskura daiteke gehienez.

Laguntzak www.barakaldo.eus egoitza elektronikoaren bidez eska daitezke, edo Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Gurutzetako eta Clara Campoamorreko gizarte-etxeetan. Eskaera auzoetan dauden bulego elektronikoen bidez ere egin daiteke.

Laguntza horiei eta gazteen emantzipaziorako laguntzei buruzko informazioa emango da ostegun honetarako, irailaren 7rako, aurreikusita dauden hitzaldietan. Jonathan Martín Gazteria zinegotziak ekimen horren berri eman du gaur. Uplift proiektu europarraren ondorioz abian jarritako Udal Emantzipazio Eskolaren barruan kokatzen da ekimena, eta Barakaldo da Estatuan gazteen emantzipazioaren arazoari irtenbideak bilatzen parte hartzen duen hiri bakarra. «Uplift proiektuaren barruan, gazteek eskatu ziguten gauzetako bat zen orientazioa eta informazioa izatea emantzipatzeko erabil ditzaketen laguntza-ildoei buruz. Izan ere, askotan, dokumentu ofizialek hizkuntza teknikoegia erabiltzen dute, eta argibideren bat behar izaten dute. Hori konpontzen saiatzen gara solasaldi hauekin. Alde batetik, informazioa hurbiltzea, eta bestetik, era guztietako zalantzak argitzea, hizkuntza askoz hurbilago eta eskuragarriago batekin «, adierazi du Jonathan Martin Gazteria zinegotziak.

Hitzaldi informatibo honetara joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hitzorduan, Gazte Bulegoko hezitzailea eta orientatzailea egongo dira, baita Eretzako eta Hezkuntza arloko teknikariak ere, zalantza zehatzenak argitzeko.