Iñigo Urkullu Lehendakariak hasiera eman dio 2023-2024 ikasturteari

0
  • 553 ikaslerekin hasi da ikasturte berria Euskadiko unibertsitateaz besteko mailetan, aurreko ikasturteko kopuruaren parekoa
  • Ikasleen %51,5ek sare publikoan ikasiko du, eta familien %83,1ek D eredua aukeratzen du Haur Hezkuntzan
  • Sare publikoan: irakasleen 600 plaza gehiago, ratioak jaistea Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta Ingeles eskolak 3 urteko geletan

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua lagun zuela, Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea bisitatu du gaur goizean, 2023-2024 ikasturte berriaren hasiera egunarekin bat eginez. Lehendakariarekin eta sailburuarekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak parte hartu dute bisitan, baita Hezkuntzako lurralde-ordezkari Iñaki Orbek ere. Leioako Udaletik Ivan Rodriguez alkatea izan da ekitaldian.

1984-1985 ikasturtean sortua, Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak etapa horietako 420 ikasle inguru ditu aurten bere ikasgeletan (2 eta 12 urte bitarteko ikasleak). Horien guztien hezkuntzaz 47 profesionalez osatutako klaustroa arduratzen da.

Elkarlaneko ikaskuntza da ikastetxe honek bere ikasgeletan egunerokotasunean erabiltzen duen metodologia ondoen laburbiltzen duen kontzeptua. Ikasleak dira ikaskuntza-prozesu horren benetako ardatz, autonomia eta gaitasun kritikoa sustatuz, eta, horrela, gazte-gaztetatik erabakiak hartzeko gaitasuna garatuz. Ikasleei horretarako tresna egokiak emanez, Txomin Aresti ikastetxeak ikasleak taldean lan egiteko gai izan daitezen nahi du, gaitasun hori oso baliagarria izango baitzaie etorkizun pertsonalerako zein ikasketetarako. 40. urteurrena betetzear dagoela, azken urteotan ikastetxe honek «ikaskuntza aktiboa» izeneko hezkuntza jarri du erdigunean. Ikaskuntza mota honetan, ikasleak dira ikaskuntza-prozesuaren motorra eta ardatza.

361.553 ikasle

Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapetan 361.553 ikasle dituela hasi da 2023-2024 ikasturtea irailaren 7 honetan Euskadin, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara bitarteko ikasleak. Datu honek jaitsiera oso txikia (-0,02%) esan nahi du aurreko ikasturtearekin alderatuta.

Haur Hezkuntzan, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du. Etapa horren barruan, dena den, Haur Hezkuntzako lehen zikloak (0-2 urte bitartean) %2,42ko hazkundea izan du (ziur aski Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren doakotasunagatik), eta etapa horretako 3-5 urteko zikloak aldiz, % 3,92ko jaitsiera, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, ikasleen beherakada %2,42koa izan da ikasturte berri honetan. DBHn eta Batxilergoan, hazkunde txikiak izan dira ikasle kopuruan: +%1,89 eta +%0,95, hurrenez hurren.

Hizkuntza ereduak eta sareak

Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez –sare  publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko ikasturtekoen antzeko proportzioetan mantentzen da, nahiz eta sare publikoa apur bat hazi den, erdiak baino gehixeagok aukeratzen baitute. Familien %51,5ek sare horren alde egiten du, eta %48,5ek sare pribatua aukeratzen dute.

Hizkuntza-ereduei begira jarrita, azken urteetako joerari ikusten da: D ereduak jarraitzen du izaten ikasle guztizkoaren artean hautatuena, eta hezkuntza-etapa guztietan hazi da. Haur Hezkuntzan, 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,7 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen %83,1 daude D ereduan. B eredua %14,7k aukeratzen du, eta A eredua familien %2,2k, adin-tarte horretan.

Lanbide Heziketan, azken ikasturteetan gertatu den bezala, matrikulazioak gora egin du. Zehazki, lehen mailako ikasleen artean, hau da, prestakuntza horretarako sarreran, % 9,1eko igoera izan da matrikulazio-aldi arrunta amaitzean (uztailean), aurreko ikasturteko aldi berarekin alderatuta. Datu horrek Lanbide Heziketako eskaintza osoa biltzen du (prestakuntza-zikloak, espezializazio-ikastaroak, eskaintza partziala eta urrutiko Lanbide Heziketa). Kontuan izan behar da Lanbide Heziketan matrikulatzeko ezohiko aldia urriaren erdialdera arte dagoela zabalik.

Irakasleak eta ratioak

Horrekin guztiarekin, 2023-2024 ikasturtea Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetara bideratzen dituen giza baliabideak nabarmen ugarituta hasiko da. Zehazki, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan joan den ikasturtean baino 374 profesional gehiago daude aurten, eta Bigarren Hezkuntzan (DBH + Batxilergoa), berriz, 227 gehiago; guztira, 601 plaza gehiago lanaldi osoan 2023-2024 honetan. Igoera hori bereziki eragin du berrikuntza-arduradunak, aholkulariak, orientatzaileak, ingeleseko irakasleak (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan) edo Hezkuntza Bereziko irakasleak (pedaggia terapeutikoko 53 irakasle gehiago) ugaritu izanak, baina, horrez gain, DBHn eta Batxilergoan iaz baino talde gehiago daudelako ere bai. 601 horiei gehitu behar zaie, gainera, hezkuntza-laguntzako espezialistetan izan den 87 profesionalen igoera.

Ikasturte hasiera honetako berrikuntzetako bat Haur Hezkuntzan dago. Etapa horretan, 3 urtetik aurrera Ingelesa irakasten hasiko dira ikastetxe publiko guztietan. Bestetik, ratio jaitsierak ere badaude, bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan. Zehazki, Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko geletan 23 ikasletik 20ra jaitsi da ratioa, eta Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan gela bakoitzeko 25 ikasletik 23ra pasa da ratioa. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan tutoretza bikoitza ezarri da 20 ikasle baino gehiago dituzten taldeetan.

Ikaslab proiektua eta digitalizazioa

2023-2024 ikasturtean, gainera, eraldaketa pedagogikorako espazio berriak dakartzan Ikaslab proiektua jarri da abian. 26 Ikaslab gela jarriko dira martxan beste hainbeste ikastetxe publikotan, esperimentaziorako. Espazio zabal eta malguak dira, altzari mugikorrez eta moldakorrez hornituak, gailu digitalez gain, ikaskuntza-prozesua burutzeko. Proiektu honen helburua da ikaskuntza esanguratsuagoa bultzatzeko espazio berrien esperimentazioa egitea, ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko muga gaindituz hainbat kasutan. Gune horietan ikasleekin lan egingo duten irakasleek prestakuntza espezifikoa jasotzen dute.

Hezkuntza Sailaren Eraldaketa Digitalerako Planaren hedapenarekin jarraituz, ikasturte honetan ikastetxe publikoetan ekipamendua instalatzen jarraituko da, Lehen Hezkuntzako 5. maila eta Batxilergoko 2.a bitarteko gela guztiak ikasgela digital bihurtzeko (9.000 gela inguru). Ikasgela digitalek eskolak online eman ahal izateko –beharrezko balitz ere-  ezinbesteko teknologiaz hornitzen dira (panel interaktiboa, sabaiko bideokamera, panel interaktiboari lotutako ordenagailua, mikrofonoa). Joan den ikasturtean, sare publikoko Lehen Hezkuntzako lehen eta laugarren maila bitarteko ikasgela guztiak digitalizatzeko lana amaitu zen, 1.800 panel interaktibo jarrita.

Eraldaketa digitaleko prozesu horren baitan, Hezkuntza Sailak prestakuntza eman die irakasleei joan den ikasturtean, teknologia berrien erabilera eraginkorra bermatzeko helburuarekin: 28.000 irakaslek, sare publikokoak zein itunpekoak, konpetentzia digitalak egiaztatu dituzte. Hezkuntza-sisteman egiten den digitalizazio proposamenaren helburua da, batetik, teknologiak irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesurako ematen dituen aukerak aprobetxatzea, eta, bestetik, ikasleei curriculumean jasotako gaitasunak eskuratzen laguntzea, besteak beste, gaitasun digitala. Digitalizazioa ikaskuntza-prozesuei laguntzeko etorri da, eraldaketa pedagogikoa osatzeko eta laguntzeko, baina horrek ez du esan nahi euskarri analogikoa alde batera utziko denik. Erronka horri erantzuteko, ikastetxe guztiek – publikoek zein itunpekoek – digitalizazio-proiektu propioa dute martxan ikasturte honetan.