Osakidetzak 5 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Santa Marina Ospitaleko zainketa aringarrietako unitatea berrian

0

 

Santa Marina Ospitaleko hirugarren solairuaren eraberritze integralari esker, Zainketa Aringarrietako Unitate berria garatu, eta bizitzaren amaierako arreta indibidualizatua bermatuko da

 

Horrela, Santa Marina Ospitalea zainketa aringarrietan, kronikoetan eta adinekoen zainketan espezializatutako erreferentziako ospitale gisa finkatuko da Osakidetzaren sarearen barruan

Osakidetzak azaroan emango dio hasiera Santa Marina Ospitaleko hirugarren solairuaren eraberritze integralari, bizitzaren azken fasean dauden pertsonentzako arreta indibidualizatua bermatuko duen Zainketa Aringarrietako Unitate berri bat sortzeko asmoz.

Azpiegiturak aldatzea helburu duen birmoldaketa horrek 4,5 milioi euroko aurrekontua du, eta, zenbateko horri ekipamendurako partida gehitzen badiogu, Osakidetzak egin beharreko inbertsioa 5 milioi eurotik gorakoa izango da.

Obren plangintza

Obrak planifikatzean, kontuan hartu dira aurtengo gripearen birulentzia handiagoarekin edo txikiagoarekin zerikusia duten gorabehera klinikoak. Horrela, lanei hasiera emango zaie oheen erabilgarritasuna arriskuan jarriko ez den eremuetan, hala nola fatxadetan eta suteen aurkako babesarekin eta segurtasun araudiarekin zerikusia duten alderdietan, eta oinarrizko zerbitzuen eta komunikazioen plangintza kontuan izanik. Datorren urteko otsailetik aurrera egingo da munta handieneko jardunak.

Osakidetzaren proiektuak ospitaleko hirugarren solairua goitik behera eraberritzea hartzen du aintzat, solairu hori Zainketa Aringarrietako Unitate bihur dadin eta, horrela, pazienteei eta haien senideei pertsonalizazio- eta intimitate-maila goreneko asistentzia eskaini ahal izan dakien.

Bizitza amaierako arreta indibidualizatua

Birmoldaketaren ostean, Ospitaleko hirugarren solairuan zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak soilik artatuko dira, arreta indibidualizatzearen aldeko apustu estrategikoa argia eginez. Horrela, ospitaleratuta dauden pazienteen ospitalizazio-eremuak erabilera indibidualeko 30 gela izango ditu, eta gela horiek erabiltzaileentzako giro- eta erosotasun-baldintzarik onenak izango dituzte. Gelak batez beste 24 metro koadrokoak izango dira, komuna barne, eta senideek eta laguntzaileek atseden hartzeko espazio egokia izango dute.

Azpiegituren hobekuntza hori guztia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ildo estrategikoen arabera eta osasun-arretaren arloan indarrean dagoen legeriaren arabera egingo da.

Horretarako, Osakidetzak Santa Marina Ospitalean beharrezkotzat jo du pazienteentzako gela indibidualak gaitzea, eutanasiarako eskubidea arautzen duen Lege Organikoa indarrean sartuko dela aurreikusita.

Aldi berean, ospitalizazio-prozesuetan senideen eta hurbileko pertsonen akonpainamendu-eskubideari erantzutea erabaki da, baita, oro har, intimitatea babesteko logela indibidualak erabiltzea ere. Izatez, eskubide horiek jasota daude Euskadiko Osasun Sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko Adierazpenean.

Eskubide hori, halaber, jasota dago Eusko Legebiltzarrak onartutako bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko legean bertan.

Santa Marina Ospitaleko azpiegiturak hobetzearen bidez, Euskadiko Osasun Sistemak bere gain hartzen du zainketa aringarrien eskaintza eta prestazioa errazteko konpromisoa, Osasun Sailaren 2023-2027 Euskadiko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan. Helburua izango da Osakidetzako profesionalek pertsona guztien arreta pertsonalizatuarekin eta duintasunarekin duten konpromisoa suspertzea, eta, jakina, pertsona horien artean daude bizitzaren azken etapan daudenak.

Informazio gehigarria