Jokin Bildarratz: «Ezin dut ulertu enpresa batzuek familiak bahitu gisa erabiltzea»

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vascako «El primer café» saioan. 2023-2024 ikasturtearen hasierak, eskola-garraioko enpresa batzuen plantoak edo etorkizuneko Hezkuntza Legeak, gaur egun Legebiltzarrean eztabaidatzen denak, hartu dute irrati-elkarrizketaren zatirik handiena.

Garraio-enpresa batzuek hartu duten jarreraren ondorioz familia asko bizitzen ari diren egoerari dagokionez, Bildarratzek berretsi du «hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa dela, eta garraioa funtsezkoa zerbitzu hori emateko». Gogorarazi du Saila lanean ari dela, alde batetik, zerbitzu hori emateko, eta, bestetik, baita enpresen plantoak eragindako familiei konpentsatzeko laguntzen agindu berri bat emateko ere.

Enpresa batzuen jokabidearen harira Bildarratzek nabarmendu duenez, «zuzenbidezko estatu batean gaude», eta guztiok, «garraiolariak ere», zuzenbideak dioena betetzera behartuta gaude, eta, beraz, Hezkuntza Sailak irailaren 5ean argitaratutako agindua bete behar dute, zerbitzua ematera behartzen dituena. «Aginduarekin ados ez badaude –zilegi izan litekeen gisan-, tresna juridikoak dituzte beren jarrera aldarrikatzeko, baina legea erabili behar dute, ez intsumisioa». Zentzu horretan, dei egin du «denok legearen esparruan mugi gaitezen; legearen esparrutik kanpo mugitu nahi duenak ez du erraz izango Sailak etzutea».

Errentagarria ez zaiela argudiatuz zenbait enpresak egindako kritiken aurrean, sailburuak behin baino gehiagotan gogorarazi du, Aginduak berak jasotzen duen bezala, zerbitzua ematearen benetako kostua ordainduko zaiela, etekin industrialaren % 6 gehituta.

Zentzu horretan, enpresa batzuek «egoera honen aurrean familiak bahituta mantentzen dituztela» kritikatu du. “Uler dezaket ni kritikatzea, auzitegietara eramatea… baina ez familiak bahitu gisa erabiltzea». Era berean, adierazi du orain Sailaren lehentasuna familiei zerbitzua ematea dela, kontziliaziorako elementu garrantzitsua baita garraioa.

Ikasturte berriarekin lotura zuzenagoa duten gaiei dagokienez, Jokin Bildarratzek adierazi du Haurreskolak Partzuergoan doakotasuna ezartzearekin batera, sare horretako haur-eskolek % 25 igo dutela matrikulen kopurua irailean, iazko irailarekin alderatuta. Horretan «asmatu» izana nabarmendu du, zorion ugari jaso baititu horregatik.

Une honetan Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren etorkizuneko Hezkuntza Legeari dagokionez (talde parlamentarioek zuzenketak egiteko epea irekita dute urriaren 2ra arte), Bildarratz sailburuak adierazi du «oinarri ona» ikusten duela «hiru talde parlamentario horien artean legea onartzeko», EAJ, PSE eta EH Bilduri erreferentzia eginez.