16,8 milioi euroko laguntzak deitu dira arrantza jasangarria sustatzeko eta Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorean belaunaldi-erreleboa errazteko

0
  • Laguntza horien xedea da sektore jasangarri eta berritzailea sustatzea garapen teknologikoan, energia-efizientzian eta sektorea gaztetzean oinarrituta
  • Agindu honen bidez egiturazko Europako funtsen 2023-2029 programazio-aldi berria hasten da, Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorearen garapen jasangarrirako

Eusko Jaurlaritzak azkeneko bileran onartu du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorearentzako laguntzak deitzen diren.

Laguntza horien xede nagusia da garapen teknologikoan, energia-efizientzian eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarri eta berritzaile bat sustatzea, eta arrantzan eta akuikulturan belaunaldi-erreleboa erraztea, sektorearen etorkizuna bermatzeko.

2023ko deialdiak 16,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsak kofinantzatuta. Agindu honen bidez  egiturazko Europako funtsen 2023-2029 programazio-aldi berria hasten da, Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorearen garapen jasangarrirako.

Honako hauek izan daitezke laguntza horien onuradunak: pertsona fisikoak eta juridikoak, ondasun-erkidegoak, arrantzako erakunde profesionalak, arrantza-sektoreko ekoizleen erakundeak, arrantzaleen kofradiak eta federazioak eta diruz lagundu daitezkeela uste den inbertsioak eta gastuak kontratatzen, finantzatzen edo egiten dituzten erakunde zientifikoak edo teknikoak.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzak

Euskadiko arrantza-eta akuikultura-sektorerako laguntzen 2023ko deialdian honako laguntza-ildo hauek daude, besteak beste:

– Arrantzako baliabideen kudeaketa jasangarria, itsasoko eta hondartzetako hondakinen bilketa.

– Energia-efizientzia eta klima-aldaketa arintzea, motorrak ordeztu edo modernizatzea.

– Laneko eta ontziko segurtasun-baldintzak hobetzea.

– Arrantzale gazteentzako hasierako laguntza eta prestakuntza.

– Arrantzan eta akuikulturan berritu eta ikertzeko sustapena.

– Enpresa- eta ingurumen-arloko inbertsioak akuikulturan.

– Sektoreko antolakuntza hobetzea eta aholkularitza-zerbitzuak.

– Arrantzako eta akuikulturako produktuen komertzializazio, eraldaketa eta sustapenean inbertsioak.

Laguntza izapidetzeko jarraibideak eta eskaria egiteko inprimakiak jasotzen dituen prozeduraren informazio-fitxa esteka honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2023/fempa-2023/web01-a2arraku/eu/

Informazio gehigarria