Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria, sortu da

0
  • Josu Erkoreka buru dela gaur goizean agentzia eratzeko egin den bileran oniritzia eman zaie agentzia berri honen helburuak, eginkizunak, egitura eta lege-oinarriak eta oinarri operatiboak zehazten dituzten estatutuei
  • Hurrengo urratsa Cyberzaintza zuzenduko duen pertsona eta Aholku Kontseiluko kideak izendatzea izango da
  • 2023ko lehenengo seihilekoan bakarrik, Euskadin ziberdelituek % 31 egin dute gora, eta gehien-gehienak ziberiruzurrak izan dira

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Industria eta Ingurumeneko sailburua ere bertan dela, egin da gaur goizean Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria, sortzeko bilera. Agentzia Euskadin Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortu da.

Administrazio Kontseilua lehenbiziko aldiz elkartu da Arabako Parke Teknologikoan (Miñaon) kokatuko den Agentzia berri honen jarduerari hasiera emateko. Agentzia, zehazki, Basque Cybersecurity Centreren egoitzan kokatuko da, eta honek laster utziko dizkio bertako pertsonala eta instalazioak agentzia berriari. Hauek dira Cyberzaintzaren gobernu-organo goreneko kideak:

  • Eusko Jaurlaritza: Josu Erkorekaz eta Arantxa Tapiaz gainera, organo berriko kideak izango dira Rodrigo Gartzia, Segurtasuneko sailburuordea; Estíbaliz Hernaez, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Polentzi Urkijo, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea; Asier Sáez de Vicuña, EJIE – Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen gerentea; eta Xabier Patxi Arrieta, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria.
  • Foru-aldundiak: Eduardo Aguinaco, Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoen zuzendaria; Javier Bikandi, Bizkaiko Foru Aldundiko Koordinaziorako eta Estrategia Digitalerako zuzendaria; Josu Arraiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria.
  • Udalak: Oraindik izendatu gabe dagoen EUDELen ordezkariaz gainera, organoko kideak dira Ane Miren Ibáñez, Bilboko Udaleko Modernizazioko zuzendaria; Eduardo Fernández, Donostiako Udaleko IKT Donostiako zuzendari kudeatzailea; Rosa Peral, Gasteizko Udaleko Modernizazio Sailaren zuzendaria

Estatutuak onartzea

Kontseilu honen lehenengo eginkizunetako bat Cyberzaintzaren legezko oinarriak eta oinarri operatiboak ezartzen dituzten eta agentziaren helburuak, eginkizunak eta egiturak zehazten dituzten estatutuei oniritzia ematea da. Estatutuok laster aurkeztuko dituzte Gobernu Kontseiluan, honek onar ditzan. Horrela, Agentzia berri honek batez ere hiru arlotan jardungo du:

  • Ziberdelituak: Ertzaintzarekin koordinatuta, Cyberzaintza agentziak Euskadiko segurtasun publikoa zainduko du, ziberdelituak jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz.
  • Azpiegitura eta datu publikoen babesa: agentzia berriak babestu eta zainduko du euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia.
  • Enpresa egituren eta datuen babesa: Eusko Jaurlaritzako ekonomia sustapeneko taldearekin koordinatuta, euskal gizartearen garapen jasangarria ahalbidetuko duten ingurune ziber seguru eta erresilienteagoak izateko enpresa-kultura sustatuko du.

Bestalde, hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk:

  • Ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea.
  • Antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes-neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko.
  • Zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.
  • Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) eta zibersegurtasuneko intzidenteei erantzuteko taldearen (CSIRT) eginkizunak betetzea, Estatuko zein nazioarteko beste organismo batzuekin koordinatuta, zibereraso bat gertatuz gero izan litezkeen kalteak minimizatzeko eta ondorioak arintzeko.
  • Gizartea kontzientziatzea zibersegurtasunaren garrantziaz jabetu dadin, horretarako programa hezitzaileak eta sentsibilizazio-kanpainak sustatuz Interneten portaera seguruak bultzatzeko.
  • Enpresa-sarea eta Euskadiko funtsezko sektoreak, hala nola, osasuna, larrialdiak, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, garraioa, eta abar, zibersegurtasunean eta garapen digital seguruan treba daitezen babestea eta bultzatzea.
  • Zibersegurtasuneko estrategia bateratu bat sustatzea eta koordinatzea euskal administrazio publiko guztientzat.

Hurrengo urratsak

Gaurtik aurrera, Jaurlaritzak, besteak beste, estatutuak onartu beharko ditu eta agentzia zuzenduko duen pertsona eta Aholku Kontseilua izendatu beharko ditu. Kontseilu horretako kideak izango dira:

  • Hezkuntza Sailaren ordezkari bat.
  • Osasun Sailaren ordezkari bat.
  • Zibersegurtasun-gaietan aditua den pertsona bat, Euskadin egoitza duten unibertsitateek izendatua.
  • Teknologiaren arloan aditua den pertsona bat, BRTA Teknologia Zentroen Aliantzak izendatua.
  • CYBASQUE, Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak izendatutako pertsona bat.
  • Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zuzendari nagusia.
  • Delitu informatikoez arduratzen den Ertzaintzako burua.
  • Izenpe enpresaren Administrazio Kontseiluko zuzendaria.
  • SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaria.
  • Zibersegurtasunaren esparruan nazioartean proiekzioa eta prestigio aitortua duten bi pertsona, Agentziaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariak proposatuta.

Ziberdelituak Euskadin: 2023ko lehenengo seihilekoa

Bilera 2023ko lehenengo seihilekoko datuen analisiarekin amaitu da: Euskadin salatzen diren 4 delitutatik bat teknologia berrien bidez egiten da. Denbora horretan, zehazki, 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 31 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 89 dira.

  1. Ziberiruzurrak: 508, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 30,5 gehiago.
  2. Ziberfaltsifikazioak: 505, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 9 gehiago.
  3. Zibermehatxuak eta Ziberjazarpenak: 390, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 8 gehiago.
  4. Teknologia berrien bidez sekretuak argitara eta jakitera ematea: 89, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 2 gehiago.
  5. Ziberdelitu sexualak: 36, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 71 gehiago.
  6. Zibererasoak: 44, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 144 gehiago.