Eusko Jaurlaritzak 120 milioi baino gehiago baimendu ditu enpresentzako laguntza-programak bultzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomiko iraunkorragoa sustatzeko

0
  • Industria Deskarbonizatzeko Laguntzen Programak hamar milioi euro bideratuko ditu berotegi-efektuko gasak (BEG) murrizteko instalazioetan inbertsioak sustatzeko

Gobernu Kontseiluaren ondoren, Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro baino gehiago baimendu dituela enpresentzako laguntza-programak bultzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta garapen ekonomiko iraunkorragoa sustatzeko helburuarekin. Laguntzen artean nabarmentzekoak dira industria deskarbonizatzeko programa; HAZITEK laguntza-programa; arrantza- eta akuikultura-sektorerako laguntzak eta EAEko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak.

INDUSTRIA DESKARBONIZATZEKO LAGUNTZEN PROGRAMA

Eusko Jaurlaritzak industria-produktu eta -prozesuei lotutako industria-enpresei eta zerbitzu-enpresei laguntzeko programa onartu du, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak murriztea ahalbidetuko duten instalazio produktibo berri eta/edo lehendik daudenetan inbertsioak sustatzeko. Horretara, hamar milioi euro bideratuko dira.

Laguntza-programa horrek inbertsio-erabakiak aurreratzea eta euskal industriari laguntzea ahalbidetuko du, klima-neutraltasuneranzko trantsizio-testuinguru europar eta global batean lehiakorra izaten jarrai dezan.

HAZITEK PROGRAMAREN BIGARREN FASEA

Gobernu Kontseiluak 93.428.572 euroko gastua onartu du gaur, Hazitek laguntza-programa finantzatzeko. Deialdiaren zenbateko osotik 43.428.572 euro bideratuko dira proiektu lehiakorrak finantzatzeko eta 50.000.000 euro proiektu estrategikoak finantzatzeko.

ARRANTZA-ETA AKUIKULTURA- SEKTOREARI BIDERATUTAKO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorearentzako laguntzak onartu ditu.

Laguntza horien xede nagusia da garapen teknologikoan, energia-efizientzian eta giza kapitalean oinarritutako sektore jasangarri eta berritzaile bat sustatzea, eta arrantzan eta akuikulturan belaunaldi-erreleboa erraztea, sektorearen etorkizuna bermatzeko.

2023ko deialdiak 16,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura du, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsak kofinantzatuta. Agindu honen bidez  egiturazko Europako funtsen 2023-2029 programazio-aldi berria hasten da, Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorearen garapen jasangarrirako.

LANDA EREMUETAKO SUSTAPEN ETA GARAPENERA BIDERAUTAKO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaurko bileran onartu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailbururen agindua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuetako sustapen eta garapenera bideratutako laguntzak deitzen diren (EREIN programa). Laguntza horiek erakunde publikoei zuzenduta daude.

Laguntza horien xedea da landa eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten azpiegiturak eta ekipamenduak eskaintzea, herriak berreskuratzea, enplegua sortzea eta turismoa sustatzea Euskadiko landa eremuetan, nahiz zaurgarritasun maila handiagoko Arreta Bereziko Eremuetan.

Programa honen bidez 2017az geroztik 32 milioi euro inguru bideratu dira inbertsio publikoak finantzatzera landa eremuetan bizi-kalitatea hobetzeko azpiegiturak edo zerbitzuak sortu, hobetu edo hedatu daitezen. Iaz 36 proiektu lagundu ziren diruz.