Eusko Jaurlaritzak EREIN laguntzen deialdia egin du landa-eremuetako sektore publikorako, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarekin batera finantzatuta eta 2023-2027 Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoan sartuta.

0

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaurko bileran onartu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailbururen agindua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuetako sustapen eta garapenera bideratutako laguntzak deitzen diren (EREIN programa). Laguntza horiek erakunde publikoei zuzenduta daude.

Laguntza horien xedea da landa eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten azpiegiturak eta ekipamenduak eskaintzea, herriak berreskuratzea, enplegua sortzea eta turismoa sustatzea Euskadiko landa eremuetan, nahiz zaurgarritasun maila handiagoko Arreta Bereziko Eremuetan.

Programa honen bidez 2017az geroztik 32 milioi euro inguru bideratu dira inbertsio publikoak finantzatzera landa eremuetan bizi-kalitatea hobetzeko azpiegiturak edo zerbitzuak sortu, hobetu edo hedatu daitezen. Iaz 36 proiektu lagundu ziren diruz.