Eusko Jaurlaritzak eta Generalitatek bat egin dute Next Generation funtsak hobeto aprobetxatzeko eskualdeetako PERTE-en aldeko apustuan

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak bilera instituzionala izan du gaur goizean Natàlia Mas Guix Kataluniako Generalitateko Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin, Next Generation funts europarren gobernantza-eredua elkarrekin aztertzeko. Jorratutako gaien artean, bi exekutiboek eskualdeetako PERTEen (“Proyectos Estratégicos para la Recuperación y Transformación Económica” izenekoen) aldeko apustua partekatzen dute, Europako baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta produkzio-sarerako arintasun handiagoko tresna gisa.

Gainera, topaketan hobekuntza-puntuak identifikatu dira eta estrategia bateratuak ezarri dira, RRF-aren (Suspertze eta Erresilientziarako Tresnaren, hau da, Next-en gunea denaren) funtsak produkzio-sarera arinago eta burokrazia gutxiagorekin iristeko, proiektu eraldatzaileetarako eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuetarako. «Gobernu autonomikoek duten ekoizpen-sarea kudeatzeko eta ezagutzeko ahalmenari etekina atera behar diogu, eta Europako funtsek eskualde-mailan duten eragin makroekonomikoa elkarrekin aztertu behar dugu, egindako azterketak eta analisiak partekatuz, bai eta inpaktu-ereduak ere», adierazi du Azpiazuk.

Sailburuarekin batera, Ekonomia eta Ogasun Sailaren aldetik, Iñaki Barredo Europako Ekonomia eta Funtsetako sailburuordea, Yurdana Burgoa Kabinete eta Koordinazioko burua, Juan Alberdi Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendaria eta Francisco Javier Arnáez FEIko zuzendari nagusia ere izan dira bileran. Natalia Más kontseilariarekin batera egon den Kataluniako ordezkaritza Miquel Puig Ekonomia Gaietarako eta Europako Funtsetarako idazkariak eta Laia Pérez Kabineteko buruak osatu dute.

Topaketa horretan, Azpiazuk eta Mas Guixek estrategiak partekatu dituzte «PRTRren Gehigarria» ren funtsen hedapenari buruz. Funts horrek autonomia-erkidegoen esku jarriko du Autonomia Erkidegoen Iraunkortasun Funtsa, eremu estrategikoetan proiektu publikoak eta pribatuak bultzatzeko. Aipatutako proposamenetako bat da RRF-aren dirulaguntzak jaso dituzten erakundeek ez izatea berriro egin beharrik RRF-aren maileguak eskuratzeko izapide burokratiko guztia, Bruselan gehigarria onartu ondoren.

Bestalde, Natàlia Mas Guix Kataluniako Generalitateko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azpimarratu duenez, «Next Generation Europako funtsen lurralde-banaketarako Gobernu zentralak diseinatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (PRTR) ez zaie estaldura egokia ematen ari Kataluniako enpresa-sarearen proiektuei eta beharrei, eta balorazio hori Kataluniako eragile sozial eta ekonomikoek ere partekatzen dute».

Mas Guixhak deitoratu du Gobernu zentralak ez diela utzi lurralde-administrazioei «modu eraginkorrean» parte hartzen PRTRren deialdien diseinuan. «Funtsen gobernantzan gehiegi zentralizatzeak desparekatze larriak eragin ditu deialdien diseinuaren eta Kataluniako enpresa-errealitate industrialaren artean», adierazi du. Horregatik, Mas Guix kontseilariarentzat, eskualdeetako PERTEak dira baliabiderik egokiena funtsak produkzio-sarera modu arin eta eraginkorrean iritsiko direla bermatzeko. «Gure lurraldeetako ekosistema industrial, zientifiko eta teknologikoari buruz dugun ezagutza sakonari esker, gure ekonomia eraldatzen benetan lagun dezaketen proiektuak identifika ditzakegu, baliabideak modu eraginkorragoan, ez hain burokratikoan eta administrazio-prozedura malguagoekin esleitzea bermatuz», gaineratu du.