Euskal Herriko Unibertsitateak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute UPV/EHUko Arabako Campusa FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza programaren egoitzetako bat izan dadin. UPV/EHUk bat egin du Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan dagoen hezkuntza programa batekin –antolatzaileetako bat izango da–, 6 eta 16 urte bitarteko euskal ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa areagotzeko
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, euskal unibertsitate publikoak FIRST LEGO League Euskadirekin bat egin dezan ekimen horren antolatzaile gisa Vitoria-Gasteizko Campusean. FLL Euskadi nazioarteko hezkuntza programa bat da, eta zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizten du ikasleen artean, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren munduko trebetasunak eta balioak indartuz. Euskadin, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen du, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta, hemendik aurrera, UPV/EHUrekin batera.
“Ekimen honetan parte hartzeko ideia gure unibertsitateak hezkuntza maila guztietan STEAM estrategia sustatzeko duen konpromiso irmoari esker sortu da, eta beste jarduera batzuekin bat egiten du, hala nola Zientzia Astearekin. Gure gazteen artean, batez ere nesken artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko urteetan antolatu izan dugu hori”, nabarmendu du Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordeak.
Bestalde, Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, adierazi duenez, “UPV/EHUren atxikimenduarekin, euskal unibertsitate-sistema osoa Euskadin STEAM hezkuntza bultzatzeko erreferentziazko ekimen honen parte da. FLL Euskadiren presentzia indartu egiten da EAEko hiru lurraldeetan, parte hartzen duten ikastetxeen eta ikasleen kopurua handitzen jarraitu ahal izateko”.
FIRST LEGO League Euskadi STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera) hezkuntza ekimen bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan dago. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, programa hori sustatzen du 2009. urteaz geroztik, berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileen lankidetzari eta laguntzari esker: enpresa korporazio handiak, ETEak, teknologia, ikerketa eta ezagutza zentroak eta erakunde publikoak.
“Pozik gaude UPV/EHUk lehen aldiz parte hartuko duelako FIRST LEGO League Euskadi txapelketetako baten antolaketan. Mundu mailan aintzatetsitako STEAM hezkuntza ekimen bat da, eta 100 herrialdeko baino gehiagoko 6-16 urte bitarteko 600.000 gaztek baino gehiagok hartzen dute parte”, adierazi du errektoreordeak akordioa sinatu ondoren.
Nazioarteko antolakuntzak, urtero, gizateria osoari eragiten dion erronka tematiko bat proposatzen du, eta erronka botatzen die parte hartzen duten taldeei: metodo zientifikoa erabiliz ebatzi behar dute berrikuntza proiektu baten bidez. Gainera, Lego Mainstorm piezekin robot bat diseinatu eta programatzen dute, joko taula batean misio batzuk egin ditzan. Azkenik, parte hartzaileek erakutsi behar dute prozesuan zehar FLL balioetan oinarritu direla; hots, proiektuaren zutabeetan: aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, inklusioa, talde lana eta dibertsioa. Hiru arloetan onenak diren taldeak Espainiako finalean parte hartzeko sailkatzen dira, eta hortik nazioarteko txapelketetara jauzi egin dezakete –edizio guztietan gertatu izan da hori–.
Talde parte hartzaileak erronka tematikoa prestatzera bideratzeko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, prestakuntza programa bat antolatzen du urtero, gazteek ikas dezaten zer egiten ari den Euskadin aukeratu duten gaian, eta ezagut dezaten zer lanbide eta profesional zientifiko eta teknologiko dauden harekin lotuta, eta jakin dezaten zein den haien lana.
FLL Euskadi amaitzeko, txapelketa bat antolatzen da, kirol ekitaldi bat, eta aldi berean egiten da Euskadiko hainbat tokitan. Horietako bat UPV/EHUko Arabako Campusa izango da datorren ikasturtetik aurrera. Txapelketetan, parte hartzen duten taldeek aurreko hilabeteetan egindako jardueren emaitza aurkezten dute, eta gainerako taldeekin lehiatzen dira jai giroan. “Uste dugu txapelketaren egunean 70 boluntario inguru beharko direla, besteak beste, epaile, arbitro, ohar hartzaile eta kronometratzaile lanetan aritzeko, eta, horregatik, unibertsitateko kideak animatu nahi ditugu gure lantaldearekin bat egitera eta esperientzia polit honetan parte hartzera”, adierazi du Manoli Igartuak.