Lehendakaria DemoSATH-a, itsas energia eolikoa ekoizteko lehen aerosorgailu flotatzailea, abiarazteko ekitaldiaren buru izan da

0
PRUEBA
  • Proiektu hau Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren esparruan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko sustatutako ekimen estrategikoen baitan kokatzen da
  • Lehendakariak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi du: «Gure etorkizuna, gure seme-alabena, bilobena, gaur hartzen ditugun erabakien menpe dago. Energia berriztagarrien aldeko apustua argia eta irmoa da. Herri helburua nagusietako bat da”

Iñigo Urkullu lehendakariak Saitec enpresaren DemoSATH, sarera konektatutako lehen itsas aerosorgailu flotatzailea, martxan jartzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean.

Proiektu hau Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren (ZTBP 2030) esparruan zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko bultzatutako ekimen eta proiektu estrategiko nagusien artean kokatzen da, kasu honetan, trantsizio energetikoari eta klimatikoari lotuta.

Lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua ere izan da ekitaldian. Lehendakariari egindako harreran parte hartu dute Javier Urgoiti, Saitec-eko zuzendari nagusiak; David Carrascosa, Saitec Offshore Tecnologies-eko eragiketa-zuzendariak; Joan Groizard, IDEAko zuzendari nagusiak; Jesús López-Tafall, DemoSATH proiektuko zuzendariak; Mikel Garay, Country Lead Development Iberia, RWE Offshore Wind-eko zuzendaria;k eta Masaki Kawaguchi, Offshore Wind at Kansai Electric Power-eko zuzendari nagusiak eta Nadia Nemeh, Bermeoko alkateak.

Bertaratuak Armintzako BIMEP saiakuntza-eremura gerturatu dira Euskadiko itsas energia eolikoaren ekoizpenaren hasiera ikusteko.

Energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa

Iñigo Urkullu lehendakariak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi du gaurko ekitaldian: «Klima Aldaketa, zoritxarrez, errealitatea da eta egunero ikusten ditugu errealitate horren ondorioak. Trantsizio energetikoa, trantsizio bideragarri baten bidez egin behar da. Urrats sendoak egiten ari gara eta bide beretik lanean jarraituko dugu, ez dugu beste aukerarik. Gure etorkizuna, gure seme-alabena, bilobena, gaur hartzen ditugun erabakien mende dago. Energia berriztagarrien aldeko apustua argia eta irmoa da. Herri helburu nagusietako bat da».

DemoSATH proiektuaren deskribapena

DemoSATH Saitec Offshore Technologies spin-off-aren proiektu pilotu bat da. Saitec Offshore Technologies 2016an sortu zen eta Saitec euskal taldearen parte da. Saitec-ek 30 urtetik gorako esperientzia du diziplina anitzeko ingeniaritzako enpresa gisa. Proiektu pilotu honetan parte hartu dute, baita ere, RWE enpresak, Alemaniako energiaren enpresa subsidiarioak, berriztagarrietan espezializatua eta mundu mailan itsas eolikoaren bigarren garatzaile gorena dena eta Kansai Electric Power-ek (KEPCO), utility japoniarrak, Euskal Herriko kostaldean (Armintza, Bizkaia) 2MWko itsas aerosorgailu bat probatzeko, Saitec-ek patentatutako SATH teknologia erabiliz.

DemoSATH sarera konektatutako lehen itsas aerosorgailu flotatzailea da, 2.000 etxe ingururi elektrizitatea emango diena. Helburua da datuak biltzea eta eraikuntza, eragiketa eta mantentze-lanak bezalako alderdiei buruzko benetako ezagutza eskuratzea. Bi urtez martxan egongo da, energia sortzen, BiMEP saiakuntza-azpiegituraren bidez konektatuta.

DemoSATH proiektua munduko mugarri bat da haize-energia flotatzailearentzat; izan ere, behin instalatuta, 1 MW baino gehiagoko turbinak itsaso zabalean instalatutako Europako bosgarren teknologia flotatzaile izango da, eta aldi berean, hormigoizko hirugarren teknologia izango da garapen-maila horretara iristen.