500.000 euro DIPCri, neutrinoen fisika-laborategia hornitzen jarraitzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Laguntza hori Neutrinoen Fisika-Laborategia langilez hornitzeko eta ekipatzeko baliatuko du DIPCk.

Euskadiko neutrinoen programa ikerketa-programa aitzindaria da Europan.    Helburua du EAEn bikaintasuneko ikerketako azpiegitura berezi bat sortzea, neutrinoen fisika funtsezko eta aplikaturako tresnen eta sentsoreen garapenean espezializatua. Zehazki, DIPCk zuzentzen du ESS Lunden neutrinoak modu koherentean sakabanatzeko anbizio handiko esperimentu baten proposamena.

Ikerketa-arlo hori garatuz eta indartuz, neutrinoen fisikan esparru berriak esploratu ahal izango dira, funtsezko aurkikuntza-potentzialarekin eta Euskadiko ikertzaileen lidergo sendoarekin. Horrela, Euskadira itzulera zientifiko handia lortuko da, eta Europako Espalazio Iturria (ESS Lund) gehiago erabiliko da; izan ere, horren eraikuntzan, Eusko Jaurlaritza ahalegin eta apustu handia egiten ari da ESS Bilbaoren bidez. ESS energia baxuko neutroi eta neutrinoen iturririk indartsuena izango da munduan.

Laguntza honen helburu nagusia DIPCn Neutrinoen Fisika Laborategia  langilez hornitzea eta ekipatzea da. Euskadiko neutrinoen programaren helburua da Suediako Lund udalerrian dagoen Europako Espalazio Iturrian (ESS) neutrinoen sakabanatze koherentearen goi-estatistikako neurketak egitea.

Kontuan hartuta 2020-2022 urteetan goi-presioko Xe Time (Xenonen denbora) proiekzio-kamera bat garatu eta eraiki dela (XeESS detektagailua), 2023rako helburu nagusiak –Hezkuntza  Sailaren laguntzen bidez- honako hauek dira:

  • Gas-prototipoa(GaP) martxan jartzea, eta baita istema kriogeniko bat ere, Csl kristalak eta HPGE sistema funtzionarazteko
  • Neutroi-ganbera bat garatzea, ESSan hondoko neutroi-fluxua neurtzeko
  • Lankidetza estrategikoak sendotzea, bai Ikerketa edo Teknologia Zentroekin, bai lurraldeko industria-eragileekin
  • DEMO-HD detektagailuaren pieza nagusien diseinua amaitzea eta barneko pieza espezifikoak ekoizten hastea, horien funtzionamendua egiaztatzen hasteko.

Era berean, langile espezializatuak kontratatzeko finantzaketari jarraipena emango zaio, eta proiektuan parte hartzen duten laborategien arteko bidaiak eta enpresetara egin beharreko bisitak ordaintzeko ere erabiliko da laguntza. Halaber, Lundera bidaiak egin beharra ere izango da, esperimentuen funtzionamendurako.