Eusko Jaurlaritzak Javier Diéguez Barriocanal izendatu du Cyberzaintzako lehenengo zuzendari nagusi

0
  •  Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berri hau sortu da Euskadin ziberdelituei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko
  • Segurtasun Sailaren mende egongo da eta, Ertzaintzarekin koordinatuta, ziberdelituei eta herritarren aurkako zibererasoei aurre egiteko borroka zaindu eta koordinatuko du

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Javier Diéguez Barriocanal izendatzea Cyberzaintza agentziaren, Agencia Vasca de Ciberseguridad – Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berriaren, zuzendari nagusi. Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru zela agentziaren Administrazio Kontseilua eratzeko saioa egin eta egun gutxiren buruan egin da izendapena.

Javier Diéguez Barriocanal Informatika Ingeniaritzan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta bere ibilbide profesionala IKT sektoreari estu lotuta egon da. Gainera, esperientzia zabala eta luzea du zibersegurtasunaren arlo zehatzean, eta, berez, 2017tik Basque Cybersecurity Centre deiturikoaren zuzendaria izan da. Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez sortu zuen zentro aitzindari hori Euskadiko enpresetan zibersegurtasuna sartzeko. Hemendik aurrera Cyberzaintza izango da ikuspegi integral eta zeharkakoago batetik zeregin horiek bere gain hartu eta zabalduko dituena. Horrela, Agentzia berri honek batez ere hiru arlotan jardungo du:

  • ZIBERDELITUAK: Ertzaintzarekin koordinatuta, Cyberzaintza agentziak Euskadiko segurtasun publikoa zainduko du, ziberdelituak jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz.
  • AZPIEGITURA ETA DATU PUBLIKOEN BABESA: agentzia berriak babestu eta zainduko du euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia.
  • ENPRESA DATUEN ETA AZPIEGITUREN BABESA: Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren sustapenerako taldearekin koordinatuta, Cyberzaintza agentziak Zibersegurtasunaren Euskal Zentro aitzindari eta arrakastatsuaren lekukoa hartuko du. Zentroa 2017an sortu zen zibersegurtasunaren ezarpenarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoa dinamizatzeko, sektore profesionala indartu eta Euskadi nazioartean zibersegurtasunaren arloko intereseko lurralde gisa posizionatzeko, bereziki industria-esparruan. Alde horretatik, gaur egun Zibersegurtasunaren Euskal Zentroari atxikita dauden pertsonala eta baliabide materialak Cyberzaintzan integratuko dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, oinarri sendo horren gainean, euskal gizartearen garapen jasangarria ahalbidetuko duten ingurune ziber seguru eta erresilienteagoak izateko enpresa-kultura sustatzen jarraituko du.

Javier Diéguez Barriocanalek zuzenduko du Agentzia berria erakunde-maila guztietako ordezkariek eta kideek osatutako  Administrazio Kontseiluaren eta sektore publiko eta pribatuko adituek osatutako Aholku Kontseiluaren laguntzaz.