BasqueCCAM sortu da, Mugikortasun Konektatu eta Autonomorako Euskal Zentroa

0

Arantxa Tapia sailburuaren adierazpenak:

Europan automobilgintzaren sektore arrakastatsu eta lehiakorra eraldaketa sakona jasaten ari da, eta bere etorkizunari egungoaren guztiz bestelako posizio batetik heldu behar dio.

Horretarako, erabiltzailea/bezeroa ardatz duen industria-ekosistema bat hartu beharko genuke abiapuntutzat, pertsonen mugikortasun-beharrei erantzungo dien eredu propio bat bilatuz, berrikuntza teknologikoaren, talentuaren eta lankidetza-gaitasunaren indarrak kontuan hartuz, eta eskualdeen zeregina/tokia indartuz.

Automobilgintzak Europan/Euskadin duen garrantzi ekonomikoaz, eskualdeen zeregin nagusiaz, balio erantsi teknologikoaz eta lankidetza publiko eta pribaturako gaitasunaz jabetuta, Euskadik ekintza bereizia plantea dezake; Basque CCAM ekimenak, hain zuzen ere, bereizketa hori markatzen du.

Berrikuntzarako eta kalitatezko enplegua sortzeko dugun gaitasunean jarri behar dugu arreta, egoera honetan, joera disruptibo globalei aurre egin behar diegularik, ekintza berriak egin behar ditugulako, pentsatzeko modu berri bat, metodo tradizionalagoak eta ondo ezagutzen direnak hobetzeko unea aprobetxatzeko aukera emango diguna.

Lau jarduera-ardatz dituzten aukera berriak irekitzen dira: Gidatze Autonomoa; Konektibitatea; Elektrifikazioa eta Mugikortasun Partekatua. Lau arlo teknologiko dira, elkarren artean berrelikatu eta indartzen direnak, eta automobilgintzaren industria benetan disruptiboa izatea eragin dezakete, modu esanguratsuan eraldatuz.

Baina jarduera-ardatz horiei erantzuteaz gain, industriak modu adimentsuan kudeatu behar du enplegu-motan gertatuko den trantsizioa, non softwarearekin eta ingeniaritza elektronikoarekin lotutako gaitasunak nabarmenduko diren.

Horrek esan nahi du Europako automobilgintza ibilgailuak saltzetik mugikortasunaren industria izatera igarotzen dela, hainbat motatako mugikortasun-irtenbideak eskaintzeko gai dena, pertsonentzat eta salgaientzat.

Ildo horretan, 2050erako Europako mugikortasun-eredua pertsonekin, planetarekin eta onura ekonomikoekin lotutako helburuetan oinarritzen da (people, planet, profit).

Hainbat beharrizan-motatara egokitutako mugikortasun-irtenbideak eskaini beharko dira, ingurumena errespetatuko dute, eta aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuko dituzte etorkizuneko sektore erakargarri horretan lan egiten duten pertsonentzat.

Horretarako, hau eskatzen dugu:

  1. Lidergoa mugikortasun iraunkorrean, CO2 isurien benetako murrizketak bilatuz
  2. Lidergoa EBn, balio ekonomikoa sortzeko eredu bat garatzeko. Tokian tokiko soluzio optimizatuak eta egokituak garatuz, ondoren globalki eskalatzeko. Eta eredu hori posible da Europa askotarikoa delako pertsonei, ekonomiari, teknologiari (txapeldun ezkutu asko) eta mugikortasun-errealitateei dagokienez.

Basque CCAM bide zirraragarria duen etorkizuneko apustua da

2050erako ikuspegiak barne hartu beharko lituzke, besteak beste, bokazio eta proiekzio globaleko proiektuak eta teknologiak garatzen dituzten lau arlotako jarduerak, Euskadiren nazioarteko posizionamendurako ekintzan oinarritutako estrategia, mugikortasun integralaren esparruan dituen gaitasunengatik.

– Mugikortasun iraunkorra, balio-kate osoak kontuan hartuta. Ibilgailu elektrikoak, hibridoak, LNG, hidrogenoa…

– Negozio-ereduen berrikuntza, aldi berean kontsumitzaileen mugikortasunari mesede egiten diotenak. Erabileragatik ordaintzea, ibilgailuak partekatzea…

– Berrikuntza, teknologia berriak sartuz eta etorkizuneko konponbideen garapena gidatuz. Konektatutako ibilgailua, gidatze autonomoa, kamioien platooninga…

– Errealitate indibidual bakoitzari egokitutako soluzioak, soluzio eta ekosistema desberdinak garatuz. Azken miliako banaketa, sistema multimodalak, autonomia pribatua.

Aurkeztutako ikuspegia lortzen lagunduko duten ekimenak garatzeko, honako ardatz hauetan klusterizatu edo bil daitezke:

  • 1.- Mobility Valley

Euskadi, oro har, mugikortasunean berrikuntzak aplikatzeko zentro global gisa hartzen badugu, kontuan hartu beharko genuke inplikatutako eragile guztien ekarpena: unibertsitateak eta LHko zentroak, zentro teknologikoak, manufaktura-industria eta zerbitzu aurreratuak.

Horrek guztiak Euskadiko eta Europako automobilgintzaren sektorea eraldatzea ekar dezake, «mugikortasunaren industria» eredu baterantz, zerbitzu aurreratu ugari barne hartuta. Oso erronka zorrotza izango da, baina, aldi berean, ilusioz betea, eta lidergo-posizio batetik heldu behar diogu.

  • 2.- Garraioaren deskarbonizazioa

Erronka global horri errealismo batetik heldu behar diogu, argi eta garbi trantsizio bat definituko duen errealismotik, deskarbonizazio-helburuak lortzea konbinatuko duena eta, aldi berean, Europako garapen industriala, enplegua eta garapen ekonomikoa bermatuko dituena.

Lehen mailako ekimenak ditugu: Mubil Gipuzkoan, Automotive Intelligence Center Bizkaian eta Basquevolt Araban.

Horretarako, komenigarria litzateke energia-sektorearekin batera lan egitea, sinergiak irabazten laguntzeko.

3.- Aliantza eta lankidetza berriak

Balio-kate bereko industriaren arteko lankidetzak ohikoak izan dira Euskadin, eta Klusterrak proposamen berriak bildu eta bultzatu ditu. Baina orain lankidetza-eredu sofistikatuagoa behar dugu, industriaren ohiko «ekuazioan» hard gehiago sartuz, softwareko beste elementu batzuk (datuak, zibersegurtasuna, konektibitatea…), berez balioa ematen dutenak, baina eredu berri disruptiboago eta aldi berean ziurgabetasunez beteriko horretara jauzi egiteko aukera emango digutenak.

4.Etorkizuneko mugikortasunerako erregulazioa

Garatutako berrikuntza Europa osoan modu erraz, eraginkor eta seguruan inplementatuko dela bermatzeko erregulazioa eta estandarizazioa EBk berak gidatu behar du, eta inola ere ez EBko eskualde berritzaileenetako enpresen parte-hartzerik gabe.

Teknologiek araudiak baino azkarrago joateko joera dute, eta, kasu honetan ere, adi eta prest egon beharko dugu.

5.Hirien ekarpena

Abiapuntutzat hartuta automobilaren industria erabiltzaileen beharretan oinarritutako mugikortasun-soluzioetarantz aldatzen dela eta enpresen arrakasta premia horiek ulertzeko eta horiei erantzuteko gaitasunean oinarrituko dela, hiriek garrantzi berezia hartuko dute proba-laborategi gisa, soluzio multimodal eta integratuak eskaintzeko duten gaitasunagatik.

Baina ezin dugu ahaztu Euskadin landa-izaerako eremu geografiko zabalak ditugula, hirien kalitate bereko zerbitzuak eta konponbideak eskatzen dituztenak, baina modu desberdinean eta pertsona/eremu bakoitzari egokituta eskaini behar direnak.

Ez da egongo leku guzti-guztietara esporta daitekeen konponbide estandarrik, baina bai antzeko baldintzetarako errepika daitezkeen zerbitzu-tipologiak.

Basque CCAMen sorrera testuinguru zabal, konplexu eta liluragarri honetan sortu da.

Enpresen eta zentro teknologikoen lankidetza eta inplikazioa beharrezkoa izan da, eta ezinbestekoa izaten jarraituko du.

Baita erakundeena ere. Hortik dator hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza.

Zorionak talde sustatzaileari, eta eskerrik asko mugikortasunaren arloan abangoardian jarriko gaituzten proiektuak definitu eta gauzatzeko aukera emango digun urrats hau emateagatik.

Zorionak eta eskerrik asko!