Lehendakariak Euskal Unibertsitate Sistema sendotzearen eta bikaintasunera hurbiltzearen alde egin du Deustuko Unibertsitatearen 2023-2024 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian  

0
  • Urkulluk 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Planari buruz hitz egin du; plan integrala eta asmo handikoa, lehentasunezko zazpi ardatz dituena: bikaintasun-zientzia, enpresekin lankidetza, nazioartekotzea, irakaskuntza, unibertsitate-komunitatea, digitalizazioa eta gizarte-inpaktua.
  • Lehendakariak azpimarratu duenez, «proiektu bera partekatzen dugu: Euskal Unibertsitate Sistema eraikitzen jarraitzea. 2030erako gure helburu nagusia sistema hori sendotzea eta bikaintasunera hurbiltzea da «

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Deustuko Unibertsitateko 2023-2024 ikasturteari hasiera eman dio. Ekitaldian Olatz Garamendi sailburua ere izan da.

Lehenik eta behin, Urkulluk Deustuko Unibertsitatearen lana eta gizarteari egindako ekarpena aitortu eta eskertu ditu, pertsonen prestakuntza prozesuan pertsonen zerbitzura lan egiteko ikuspegi eta erantzukizunarekin jarduteagatik.

2023-2024 Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi nagusian, Lehendakariak 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana aipatu du: «elkarrekin garatzen ari gara 2023-2026 Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana, asmo handiko plan integral bat, guztiok partekatzen duguna eta lehentasunezko zazpi ardatz dituena: bikaintasun-zientzia, gizarte- eta ekonomia-garapenari ikuspegi berria emanez; enpresekin lankidetza erronka komunak ebazteko eta unibertsitate-prestakuntza dualaren bidez behar profesionalei erantzuteko; nazioartekotzea, unibertsitateak testuinguru global, ireki eta izugarri lehiakor batean garatzeko; irakaskuntza, premia berriei egokitutako prestakuntza eguneratua bermatzeko; unibertsitate-komunitatea, unibertsitate-jardunean esku hartzen duten pertsona eta zeregin guztietan azpimarra jarriz; digitalizazioa eta gizarte-inpaktua, Garapen Jasangarrirako helburuak balioan jarri eta zabaltzeko. «Proiektu bera partekatzen dugu: Euskal eta Nazioarteko Unibertsitate Sistema eraikitzen jarraitzea. Honela, 2030erako gure helburu nagusia da Sistema hori sendotzea eta bikaintasunera hurbiltzea. Harro sentiaraziko gaituen markoa izatea nahi dugu” adierazi du lehendakariak.

Era berean, Urkulluk Ikerketa eta Berrikuntza Programa ere aipatu du. Programa horren helburua da datozen lau urteetan unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaltzea. Halaber, Cambrigdeko Unibertsitatearekin lankidetza-ikerketa sustatzeko sinatu berri den hitzarmenaz ere mintzatu da.

«Euskal Unibertsitate Sistema osatzen dugunok elkarrekin gaude eta batera egingo dugu aurrera, gazteei eta gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetuz eta zabalduz, eta argi dugu horretarako bidea: elkarren arteko konfiantza eta auzolana», amaitu du lehendakariak.

Deustuko eskaintza akademikoa 2023-2024 ikasturterako

Deustuk 49 graduko eskaintzarekin hasi du ikasturte hau, 14 gradu bikoitz, gradu 1 % 100 online, 2 gradu LHko ikastetxeekin aliantzan, online gradu 1 eta teologia arloko 2 titulazio ofizial; guztira,  9.316 graduko ikasle baino gehiagorekin hasi du Deustok ikasturte berria, horietatik 2.523 ikasle berriak direlarik.

Unibertsitateak, orain arte, graduko, graduondoko eta doktoregoko 10.244 ikasle ofizial ditu. Gainera, Unibertsitateak nazioarteko 697 ikasle hartu ditu lehen lauhileko honetan, eta Deustuko 600 ikasle baino gehiago nazioarteko mugikortasun-programetan ari dira.