Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen defendatzaileentzako Aldi Baterako Babes programarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du

0

Munduko eskualde eta herrialde askotan, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonek mehatxuak eta jazarpenak jasaten dituzte, eta arriskuan jartzen dituzte beren bizitza eta osotasun fisiko eta psikologikoa, baita beren familiena ere. Hilketak, erasoak eta mehatxuak joera kezkagarri eta orokorra dira oraindik munduan.

Kriminalizazio-, jazarpen- eta lekualdatze behartuko egoera horiek gero eta ezagunagoak dira, giza eskubideen defendatzaileek beren sorterrian zein atzerrian egin duten ikuste-lanari esker, bai eta nazioarteko komunitatearen laguntzari esker ere.

Esparru horretan, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak kudeatzen duen Giza Eskubideen defendatzaileei Aldi baterako Babesa emateko programarako hautagaiak aurkezteko epea ireki du Eusko Jaurlaritzak.

Programa honen helburua da, aldi baterako, jazarpena eta mehatxuak jasaten dituzten edo jasateko arriskua duten oinarrizko gizarte-erakundeekin lotutako pertsonak hartzea Euskadin.

2023ko urriaren 18ra arte, euskal erakundeek, elkarteek eta GKEek programa honetarako beren hautagaitzak aurkezteko aukera izango dute, https://www.euskadi.eus/giza-eskubideen-defendatzaileak/web01-s1lehbak/eu/ webgunean eskuragarri dauden formularioen bidez. Formulario horiek CEAR Euskadira bidali beharko dira, programa.proteccion@cear-euskadi.org-ren bidez.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak Hautapen Batzordeari dei egingo dio. Batzorde horrek hiru pertsona aukeratuko ditu 2024. urtean Euskadin hartzeko, sei hilabetez. Horrez gain, Harrera Sarea ezarriko da. Sare horren ardura izango da hautatutako pertsonen jatorrizko erakundeekin koordinatzea.

Eusko Jaurlaritzak beste ahalegin bat egin du nazioartean Giza Eskubideen kausa indartzeko eta babesteko, eta gehien behar duten pertsonei gune segurua eskaini die.