Arratiako 9 enpresa gehiagok sinatu dute hitzarmena Eusgara-rekin, eta eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko 29 kideko komunitatea osatu da

0
  • Enpresa hauek egin dute bat aurten eusGara proiektuarekin: Piedade Ondo, Arratia Egoitza, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin eraiketak
  • Arratiako zaintza sektore osoa biltzen duen ildo berria zabaldu du eusGarak, adineko hiru egoitzetan zaintza euskaraz eman dadin urratsak ematen joateko
  • Iaz eusGaran abiatu zen turismo pilotajetik abiatuta, proiektu berri bat sortu da: Errotik. Gorbeialde elkarteak kudeatuko du, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa garapeneko establezimenduetan euskara gehiago erabiltzeko 

Arratian gero eta enpresa gehiago daude euskara gehiago erabiltzeko prest. eusGara zerbitzuak hitzarmen ekitaldia egin du Zeanuriko Zulaibar campusean, eta 9 enpresa berrik konpromisoa hartu dute euskara gehiago erabiltzen hasteko, eta horiek kontuan hartuta, gaur gaurkoz 29 enpresek osatzen dute eusGara komunitatea. Horiek guztiek eskura izango dituzte euren enpresetan hizkuntza kudeaketa egokia egiteko eusGarak eskaintzen dizkien doako tresnak: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak.

Errota fundazioak kudeatzen duen zerbitzua da eusGara, eta gaur goizean egin dute sinadura ekitaldia Zeanurin. Bertan egon dira komunitateko kide diren 29 enpresetatik 16. Zerbitzua diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia.

Sortu zenetik sei urteko bidea egin du eusGara zerbitzuak, eta Iratxe Goikoetxeak prozesu horretan izandako bilakaera nabarmendu du: “Urte hauetan guztietan lantegietan euskara gehiago erabiltzeko oinarriak jarri ditugu, eta aurrerapausu ugari eman ditugu”. Hainbat enpresetan euskararen presentzia handitu dela esan du, bai barrura begira, zein kanpora begira ere. “Hainbat webgune itzultzen lagundu dugu, hizkuntza paisaiak euskaldundu, bezeroekin euskaraz aritu ahal izateko neurriak ezarri, hizkuntza irizpideak zehaztu, dirulaguntzak jasotzeko aholkularitza eman diegu… Eta hori egin dugu euskara plan bat garatzeko gaitasuna duten enpresetan, zein ahalmen hori ez dutenetan”. Hain zuzen eusGara-ren izaera hori aldarrikatu du, tamaina eta izaera ezberdineko enpresetara egokitzen baita zerbitzua.

Miren Dobaranek, bestalde, eusGaratik sortu diren proiektu berrien inguruan hitz egin du: “Euskara eremu sozioekonomiko pribatuan sustatzeko planari erantzun dion lehen programa estrategikoa izan zena ari da gero eta gorputz handiagoa hartzen. Enpresetan eragiteaz gain, Lanbide Heziketa eta enpresen arteko loturak jorratzen ari gara. Eta aurtengoan, gainera, jauzi egin dugu adinduen zaintza esparrura eta landa eremuko langintzara. Arratia bailara oso euskalduna da eta eremu berri hauetan ezinbestekoa da euskarak ere lekua izaten jarraitzea. Edozein dela ere esparrua: etxea, lantokia, turismoa, zaintza… Integrazio aukera handi bat eskainiko diegu zaintza esparruan lanean diharduten herritarrei eta landa eremuan sortzen den ekoizpena aberastuko dugu hizkuntzaren elementua ere gehituta”.

Isaac Amezagak, proiektuaren parte diren eragile guztien lana eta inplikazioa balioan jarri ditu, eta oraindik proiektura atxiki ez direnak atxikitzera animatu ditu. Hala, foru instituzioarentzat eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak duen garrantzia azpimarratu du zuzendariak, eta euskararen erabilera sustatzeko ahalegina egitea ezinbesteko berrikuntza dela ekarri du aurrera. “Hizkuntza kudeaketa egokia egitea ere berrikuntza da; gizarte eta enpresa bezala agertzen zaizkigun erronkei erantzuteko beharrezkoa den berrikuntza. Erronka hauei guztion artean aurre egiteko, lan munduan ere, aldundiaren gertutasuna sentiarazi gurako genuke”.

ARRATIAKO ENPRESA GARRANTZITSUENAK

Aurten, Arratiako 9 enpresek egin dute bat zerbitzuarekin, eta  horien artean Cementos Lemona nabarmendu dute eusGarako arduradunek. Izan ere,  enpresa hori gehituta lortu da eskualdeko enpresa garrantzitsuenek euskararen erabilera areagotzeko konpromisoak hartzea. Honako hauek dira eusGarako enpresa handiak: Batz, Ilunbe, Ormazabal eta Cementos Lemona.

Cementos Lemonaz aparte, aurten euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute beste zortzi enpresek. Honako hauek: Arratia Egoitza, Piedade Ondo, Jandoniz, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin eraiketak.

Aurten hitzarmena sinatu duten enpresak kontuan hartuta, beraz, honako hauek dira eusGara komunitateko kide: Behingoz, Lur 2000, Tresnak, Batz, Ilunbe, Zulaibar lanbide ikastegia, Industrias Galarza, Carrocerias Usansolo, Rotulos Usansolo, Arratia Egoitza, Piedade ondo, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Autos Varela, Ormazabal, Arbegui, Comecaran, Ormaurre, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting, Carrocerias Joseba, Zuloaga Motor, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Amorrortu ostatua, Gorbeialde eta Ekin eraiketak.

ZAINTZA SEKTOREAREN LANKETA

eusGara zerbitzua ez da industria eremura bakarrik mugatzen, zerbitzu enpresekin ere lan egiten du. Aurten, gainera, Arratiako zaintzaren sektore osoak egin du bat eusGara komunitatearekin: Arratia Egoitza, Piedade Ondo eta Jandoniz egoitzek euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute. Egoitza denen parte hartzea bermatuta, Zulaibar lanbide ikastegiko arduradunengana jo zuten eusGara zerbitzuko aholkulariek, bertan eskaintzen dituzten ikasketen artean baitaude mendekotasun egoeran dauden pertsonei bideratutakoak. Proposamenarekin bat egitea proposatu zitzaien.

Sustatzaileek proiektu honen garrantzia nabarmendu dute, zaintza norberaren hizkuntzan eskainita egoiliarrak hobeto artatuak daudela azaldu baitute. Kontuan izan behar da, gainera, Arratian 65 urte baino gehiago dituzten herritarren %60ren lehen hizkuntza euskara dela. Horregatik azpimarratu dute lan ildo berri honek izango duen garrantzia.

Proiektu honekin, Arratiako adineko egoitzetako zuzendaritzek hiru konpromiso zehatz hartu dituzte:

  • Ikasle euskaldunen praktikak euskaraz izan daitezen bidea zabaltzea Zulaibar ikastetxearekin batera.
  • Nagusien eta senideen hizkuntza hautuak kontuan hartzea, eta tokian-tokiko baldintza eta aukeren arabera erantzuna ematea.
  • Egoitzetako langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea, egoiliarrekin euskarazko oinarrizko esaldi eta hitzak erabili ahal izateko.

EUSGARA-TIK ABIATUTA, PROIEKTU BERRI BAT

Iazko ekitaldiko berritasunetako bat izan zen turismo arloko pilotajea. Gorbeialde landa garapeneko elkartearen eskutik abiatu zen, eta eskualdeko bi hoteletan euskararen erabilera areagotzeko lanketa egin zen. Proiektu horrek bere bidea egin zuen, eta orain eusGara marka gaindituko duen zerbitzu berria sortu da Gorbeialderen bidez: Errotik. Arratia eta Hego Nerbioi eskualdeko landa garapeneko establezimenduetan euskara sustatuko du proiektuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

eusGara zerbitzutik sortutako ekimena da, eta horregatik aipamen berezia egin dio Iratxe Goikoetxeak Errotik proiektuari. “Pozgarria da ikustea zelan ari diren bide berriak zabaltzen, eta zelan eusGara erreferentzia izaten ari den landa garapenean euskara gehiago txertatu dadin. Gurekin hasi ziren bi hoteletatik hamar establezimenduetara igaro da”.

Urtea amaitu baino lehen espero da proiektu berriaren aurkezpena, eta lehen emaitzak ere orduan aurkeztuko dituzte.

MAKINAK EUSKARAZ ERRONKA

eusGara zerbitzuaren hitzarmen ekitaldiaren amaieran bertan bildutako enpresei erronka jarri die Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak: Gaitu kanpainarekin bat eginez euskarazko grabazioak egitea. Makinek euskaraz funtzionatuko badute, lehenengo hizkuntza irakatsi behar zaie, eta horretarako milaka ahots eta grabazio ordu behar dira. Horretarako kanpaina bat jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak: Common Voice proiekturako euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzea, eta horretarako www.gaitu.eus webgunea sortu dute, bertan euskarazko esaldiak grabatzeko aukera emanez. Era horretan lortuko litzateke makinek euskaraz ere ulertu dezaten.

Ahalik eta ahots gehien biltzeko asmo horretan, euskararen erabilera areagotzeko prest dauden Arratiako 29 enpresei gonbitea egin diete kanpainarekin bat egin dezaten, eta azaroaren 27tik abenduaren 3rako astean grabazioak egin ditzaten.