Belaunaldi ezberdinetako emakume ikertzaileak berdintasunera bidean

0
  • BRTA aliantzak Emakume Ikerlarien I. Topaketa antolatu du.
  • Ekimenaren helburua da emakume ikerlarien ahalduntzea, erreferenteak ikusaraziz, belaunaldien arteko esperientzia trukaketak sustatuz eta berdintasunaren bidean etorkizuneko bide-orria landuz.

BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzak Emakume Ikerlarien I. Topaketa antolatu du gaur, astelehena, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Estibaliz Hernáez Laviña, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendari nagusiak eta Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko Transferentzia arduradunak parte hartu dute ekitaldian, BRTAko hainbat zentrotako emakume ikertzaile seniorrekin eta juniorrekin batera.

BRTA aliantzako emakume ikertzaile seniorrak eta juniorrak elkartu dituen topaketa honen helburua da emakume ikerlarien ahalduntzea, erreferenteak ikusaraziz, belaunaldien arteko esperientzia trukaketak sustatuz eta berdintasunaren bidean etorkizuneko bide-orria izan litekeenaren oinarria landuz. Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendariak ireki du ekitaldia eta Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari eman dio hitza. Arantxa Tapia Otaegik sarrerako hitzaldian nabarmendu du “bokazioa duten pertsonak behar dira, eta inspirazio hori landu egin behar da; are gehiago Euskadin teknologiaren sektorean I+G arloan diharduten profesionalen % 32 baino ez direnean emakumeak. Horrenbestez, emakume ikertzaileak ezinbestekoak zarete Euskadiko zientzia eta teknologiaren alorrean. Gaur urrats bat gehiago eman dugu; ez dugu bukatu oraindik”.

Ikerketa, Zientzia eta Teknologiaren eremuan emakumeek bizi duten errealitatearen inguruko gogoetekin abiatu da saioa. BRTAko zentroetan lanean diharduten hainbat emakume ikertzaile seniorrek beren ibilbide profesionalen berri eman dute bizipen pertsonalak oinarri hartuta.

Jarraian, ikertzaile senior horiek topaketara hurbildu diren ikertzaile juniorrekin elkartu dira talde ezberdinetan. Modu horretan, ikertzaile juniorrei emakumezko erreferenteak eskaini zaizkie inspirazio gisa. Ibilbide profesionalean topaturiko oztopo eta aukerak partekatuz, gogoeta egin dute emakumeek zientzia eta teknologiaren alorrean bizi dituzten egiturazko ezberdinkeriez. Giro lasai eta atseginean egindako belaunaldien arteko hausnarketa horretatik, berdintasunera bidean errealitate horietan eragiteko tresnak identifikatu dituzte eta etorkizuneko bide-orria izan litekeenaren oinarria landu dute.

Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko Transferentzia arduradunak itxi du ekitaldia. Azken hitzaldian, ekitaldiaren amaieran, hau nabarmendu du: “BRTA aliantzak berdintasunaren eremuan lanean dihardu hasiera-hasieratik. Testuinguru horretan eta berdintasunaren bidean beste urrats bat emateko asmoz antolatu dugu gaur emakume junior eta senior ikertzaileen lehenengo topaketa. Zientzia eta teknologiaren alorrean ere emakumeek bizi dituzten ezberdinkeriez jakitun gara eta egoera hau eraldatzeko gure konpromezuaren isla da gaurkoa”. “Emakume ikerlariek beren ibilbide profesionalean topatzen dituzten egiturazko oztopoak identifikatu eta hauetan esku-hartzeko tresnak sortzea dugu helburu, egungo ikerlari juniorrei etorkizun berdinzale eta justuago bat eskaintzeko asmoz. Hausnarketa honetatik emakumeek aukera berdintasunez jarduteko estrategia eraginkorrak garatuko ditugu”, gehitu du Garbiñe Manterolak.

BRTA

2019an sortu zen Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantza eta berau osatzen duten zentroen helburua da ikerkuntzan eta teknologian oinarritutako ezagutza transferitzea euskal industriari eta enpresei, betiere lurraldearen ekonomia indartzeko helburuarekin. 4 ikerketa-zentro kooperatibok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.