Ertzaintzak eta Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu dituzte Sevillan, manipulazio informatikoaren bidez enpresei iruzur egiteagatik eta ondoren kapitalak zuritzeagatik

0
  • Taldeak “Man in The Middle” deitzen den iruzurra egiten zuen: bi enpresen arteko ordainketa bidean atzematen zuen eta helmugako bankuko kontua aldatzen zuen.
  • Ikerketa Gipuzkoan hasi zuten ziberdelituaren aurkako borrokan aritzen diren Ertzaintzako Ikernet taldeen bitartez.
  • Sevillako probintzian egindako lau miaketetan material informatikoa, 17 telefono mugikor eta bankuko dokumentazioa atzeman dituzte, eta analisi zorrotza egin zain daude.

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak operatibo bateratu bat gauzatu dute Sevillako probintzian, eta 3 pertsona atxilotu dituzte eta 4 sarrera eta miaketa egin dituzte. Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egin du kriminalitate informatikoari buruzko ikerketa, CITCOk (Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroa) koordinatuta eta Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak zuzenduta.  Ikerketa Gipuzkoako enpresa batek iruzur informatikoa salatu zuenean hasi zuten. Salaketa Ertzaintzan jarri zuen 2022ko ekainean, eta bertan adierazten zenez, iruzur egin zioten enpresak ehun mila eurotik gorako galera izan zuen eta berrehun mila eurotik gorako beste iruzur-saiakera bat ere jasan zuen. Iruzurgileek erabilitako modus operandia Man in The Middle izenez ezagutzen da.

Gipuzkoako enpresaren kasuan, iruzurgileek enpresak beste enpresa batekin, 2022ko ekainaren amaieran, bi ordainketa egiteko zituen komunikazio digitalak bidean atzeman zituzten modu iruzurtian. Ordainketak egiteko kontu-zenbakia zuten jatorrizko emailak bidean atzeman zituztenean, iruzurgileek bi enpresen arteko mezuak birbidali zituzten ordainketak egiteko beste kontu batzuk jarrita, diru hori eskuratzeko eta iruzur telematikoa burutzeko.

Iruzurgileen kontu batera desbideratutako lehenengo ordainketa burutu zen, baina bigarrena, diru gehiagokoa, atzera bota zen banketxe baten segurtasun-protokoloei esker, eragiketa susmagarritzat jo baitzuten.

Ertzaintzako Ikernet taldea une horretan hasi zen talde antolatu hori eta horren legez kontrako jarduera ikertzen. Sortutako posta-domeinu iruzurtitik hasita, dirua jaso ondoren, legez kontrako jatorria ezkutatzeko edo “zuritzeko” egindako finantza-eragiketak ere ikertu zituen.

Delitu informatiko hori jazartzeko polizia-ikerketak Sevillako probintzian kokatu ahal izan zituen iruzurrarekin zerikusia zuten pertsonak.  Horrela, Ertzaintzako eta Guardia Zibileko agenteek, koordinatuta, Sevillan atxilotu dituzte hiru pertsona, 48 eta 49 urteko bi gizon eta 28 urteko emakume bat, eta laugarren gizon bat ere ikerketapean dago egitate berberengatik, hau da, manipulazio informatikoaren eta identitatea ordeztearen bidez egindako ustezko iruzur-delituagatik eta kapitalak zuritzearen ustezko delituagatik.

Epailearen baimena hartuta, bi kidegoetako agenteek lau miaketa egin zituzten Sevillako probintziako hiru barruti judizial ezberdinetan, eta material informatikoa, telefono mugikorrak eta dokumentazioa atzeman zituzten, poliziako adituek gero aztertzeko.

Atxilotuetako bi aske utzi dituzte, eta gizonetako bat, agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren, espetxeratu egin dute ebatzi gabeko auziak zituelako.