Garamendi Txilera joango da bertako agintariekin gardentasunari, autogobernuari eta deszentralizazioari buruzko esperientziak partekatzeko

0
PRUEBA
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren bidaia ofiziala Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze agendan kokatzen da

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi Txilera joango da datorren asteburuan. Bisita hau Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze agendaren testuinguruan txertatzen da, Euskadiren eta Hego Amerikako herrialdearen arteko harremanak areagotzeko eta Euskadi Basque Country sustatzeko.

Garamendi Araubide Juridikoko sailburuorde Sabino Torre eta Kabinetearen zuzendari Ugaitz Zabalarekin batera egongo da Txilen, eta urriaren lehen astean Hego Amerikako herrialdeko agintari eta ordezkari instituzionalekin egingo diren jarduera eta bileren agenda zabal bati helduko diote.

Euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu Txileko erakunde maila guztietan gobernantzaren eta gardentasunaren arloan bultzatutako esperientziak eta politikak, bai eta lurralde deszentralizazioaren eta eskualde eta toki-gobernuei eskumenak transferitzearen esparruan bultzatutakoak ere, Txilek deszentralizazio prozesuari heltzen dion une honetan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako sailburuak Txileko agintariekin partekatuko ditu euskal autogobernuaren oinarri nagusiak, Estatuaren deszentralizazio eredua, euskal erakunde-arkitekturaren zutabeak eta Eusko Jaurlaritzak garatutako politika publikoak, baita egiteke dauden eskumenen transferentzia prozesua ere. Zentzu horretan, Garamendik bilerak egingo ditu Txileko Gobernuko ordezkariekin, senatariekin eta eskualdeko gobernadoreekin. Horrez gain, Santiagoko Euzko Etxea bisitatuko du eta Txileko euskal komunitatearekin egoteko aukera izango du.

Txile lehentasunezko herrialdea da Euskadi Basque Country 2025 nazioartekotzeko esparru estrategian. Eusko Jaurlaritzak harreman estua du herrialde horrekin arlo instituzional, ekonomiko-komertzial edo akademikoan. Hori dela eta, bisitak lehendik dauden harremanak sendotu eta bi herrialdeen arteko harremanak sakondu nahi ditu. Txileko zenbait erakunderen eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sail honen artean lankidetza esparru egonkorrak mantentzeko interes partekatu hori Txileko ordezkaritza batek Euskadira egindako bisitaldi batean gauzatu da azken urteotan, baita hainbat gairi buruzko lan topaketa telematikoetan ere.