750.000 euro Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2023-2024 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan ikas-ekinezko erregimenean Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 750.000 euroko zenbatekoa du.

Deialdi honek bultzatzen dituen Lanbide-Heziketa Dualeko programek ikasleen prestakuntza bi eremutan lantzen dute: bai ikastetxean bertan, bai lantokian (enpresan). Lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak zein sozialak hobetzea dute helburu programok, ikas-ekinezko erregimeneko hasierako Lanbide-Heziketako titulu bat lortzeko, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat burutuz. Programa horietan parte hartzen duten ikasleek, beraz, Lanbide Heziketako ikastetxean jasotzen duten prestakuntza ekoizpen eta lan-ingurune erreal batean jasotzen dutenarekin uztartzen dute. Horrek zuzenean dakar ikasle horiek hobeto prestatzea eta, ondorioz, prestakuntza dualeko programetan parte hartzen duten ikasleek laneratze-tasa oso altuak izan ohi dituzte ikasketak amaitzean.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Lanbide Heziketako zikloak (Oinarrizkoak, Goi-mailakoak edo Erdi-mailakoak) itunpean ematen dituzten Euskadiko ikastetxeen erakunde (edo pertsona) titularrak. Horretarako, 2023-2024 ikasturterako Hezkuntza Sailak onartuta eta baimenduta izan beharko dute ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Dualeko programa, ikastetxeak eta enpresa parte-hartzaileak elkarrekin lankidetzan egina izan beharko duena.

Dirulaguntza hau irakasleek prestakuntzaren tutoretza eta jarraipen-lanak egin ditzaten erabili beharko dute dirulaguntza hau ikastetxe onuradunek, bai eta programan esku hartzen duten gainerako irakasle eta tutoreekin ebaluazioa koordinatzeko ere. Tutoretza egiten duen pertsona hori izango da, halaber, enpresarekiko solaskidea prestakuntza-jarduera garatzeko.

Joan zen 2022-2023 ikasturtean, Euskadiko 2.282 ikaslek hartu zuten parte Ikas-ekinezko Erregimeneko Lanbide Heziketa Dualeko programetan. Horietatik 1.282 ikastetxe publikoetakoak ziren, eta gainerako 1.000 ikasleak itunpeko ikastetxeetakoak, iazko deialdiaren bidez.