Euskadiko abeltzaintzako arraza garbiak mantentzen, hobetzen eta sustatzen dituzten elkarteentzako laguntzak onetsi dira 480.000 euroko zuzkidurarekin

0
PRUEBA

Elkarte horiek arraza garbien abeltzaintzako ustiategien modernizazioa sustatzen dute ekoizpenaren eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko

Hauetatik eratorritako gastuak diruz lagunduko dira: abeltzaintzako lehiaketak antolatzea eta horietan parte hartzea, liburu genealogikoak mantentzea eta abereen kalitate genetikoari edo errendimenduari buruzko probak egitea

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzaintzako elkarteentzako 2023 deialdiko laguntzak onetsi ditu. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arantxa Tapia sailburuaren aginduan adierazten denez, neurri horretara bideratutako zuzkidura 480.000 eurokoa izango da.

Elkarte onuradunak ekoizpenaren eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko helburua duten arraza garbietako abeltzaintzako ustiategiak izango dira, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuta modernizazioa koordinatzen eta sustatzen dituztenak.

Liburu genealogikoak kudeatzen, hautaketa-programak egin eta errendimendua kontrolatzen, lortutako emaitzak hedatzen eta animaliak eta produktuak merkaturatzen laguntzen duten elkarteak dira. Izan ere, hartara, landa-eremuak eta Euskadiko mendiko abeltzaintza garatzen eta sustatzen dituzte, eta hori da hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat.

Laguntzaren bidez, hauetatik eratorritako gastuak diruz lagunduko dira: abeltzaintzako lehiaketak antolatzea eta horietan parte hartzea, liburu genealogikoak sortzea edo mantentzea eta abereen kalitate genetikoari edo errendimenduari buruzko probak egitea.

Eskaerak eta aurkezteko epea:

Deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko.

Prozeduraren informazio-fitxan daude laguntza izapidetzeko jarraibideak eta fitxa horretatik sartzen da eskariaren inprimakietan; agindua honako esteka honetan argitaratzen denean kontsultatu ahal izango da fitxa hori: www.euskadi.eus/servicios/1046107