Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euroko laguntza emango dio ardoaren sektoreari eta inbertsioak sustatuko ditu upategien lehiakortasuna hobetzeko

0

Ezohiko laguntzen bidez JDK Errioxak sustatutako neurrietatik eratorritako diru‑sarreren galera konpentsatu nahi da; izan ere, neurri horren ondorioz, mahats gorriaren eta uzta berdearen errendimendua % 10 murriztu da

Gainera, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea bultzatzeko programarekin, mahastizaintzako azpiegituren eta merkaturatze-tresnen inbertsioa sustatzeko funtsak emango dira 

Gobernu Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu den Arantxa Tapiaren agindua onetsi du gaur. 2023 urteari begira ardoaren sektorerako ezohiko laguntzak onetsi dira, JDK Errioxak babestutako mahastizainei laguntzeko Ukrainako gerratik eratorritako enpresa‑etekinean izandako kalteengatik.

Errusiak Ukraina inbaditzean eragindako ezegonkortasun komertzialaren ondorioz, Euskadiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuko esportazioak murriztu egin dira, eta, horrenbestez, upategietako ardo stockaren zati handia ezin da merkaturatu. Egoera hori dela eta, JDK Errioxak bi neurri abiarazi ditu 2023 kanpainarako: % 10 jaitsi bildutako mahats gorriaren errendimendu onargarrien muga eta uzta berdea sustatzea Espainiako Mahastizaintzaren eta Ardogintzaren Sektorea Laguntzeko Programaren (PASVE) baitan.

Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro emango ditu itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez Araban mahastizaintzan aritzen direnen diru‑sarreren galera arintzeko JDK Errioxak sustatutako neurriei eta horiei lotutako kostu gehigarriei aurre egiteko, bai eta eskaria eta eskaintza erregulatzeko ere, era horretan Euskadiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea berriro orekatu ahal izateko.

Ezohiko neurri horren bidez laguntza bikoitza eman nahi da: alde batetik, JDK Errioxak babestutako mahats gorriko ustiategietan etekin ekonomikoaren galera konpentsatzeko 4 milioi euro emango dira; eta, bestetik, kanpaina honetan errendimendu txikiagoa aplikatzen dutenen galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak arintzeko 3,3 milioi euro emango dira. Onuradun batek bi laguntza‑ildoak eska ditzake.

Mahats gorriaren etekin ekonomikoak konpentsatzeko laguntzaren zenbatekoa finkatzeari dagokionez, hobari bat emango da mahats beltzaren hektarea bakoitzeko, baldin eta JDK Errioxak gehieneko errendimendua (5.850 kg/ha) aplikatzen badie. Hauek izango dira hobarien zenbatekoak:

≤ 30 ha-ko ustiategiak: 390 €/ha

≤ 30-60 ha-ko ustiategiak: 260 €/ha

> 60 ha-ko ustiategiak: 130 €/ha

Errendimendua murrizteko lanengatik, galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak konpentsatzeko laguntza uzta berdeko hektarea onargarri bakoitzeko finkatzen da PASVEren 2023ko deialdian. Hauek izango dira hobarien zenbatekoak:

≤15 ha-ko ustiategiak: 1.100 €/ha

≤ 15-30 ha-ko ustiategiak: 825 €/ha

> 30 ha-ko ustiategiak: 550 €/ha

Laguntzak EAEko eta bertako edozein lurralde historikoko NUEn izena emanda dauden nekazaritza-ustiategietako titularrei zuzenduta daude, Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan izena emanda badaude eta JDK Errioxak babesten baditu.

Ustiategi onuradunen titularren behin‑behineko zerrenda eta zenbatutako hektarea‑kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da agindua EHAAn argitaratu eta gehienez 15 eguneko epean.

Upategietan inbertitzeko laguntzak (ISV inbertsioa)

Horrez gain, Gobernu Kontseiluak ere 2024ko deialdia onetsi du mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa‑instalazioetako eta azpiegituretako inbertsio material eta immaterialetan laguntzeko, bai eta merkaturatzeko egitura eta tresnetan ere Mahastizaintzaren Sektorea Bultzatzeko programaren baitan (ISV inbertsioa).

Nekazaritzako Orientazio eta Bermerako Europako Funtsetik (NOBEF) datozen laguntzak dira, eta horien helburua da enpresen etekin orokorra hobetzea, merkatuko eskarietara egokitzea eta lehiakortasuna areagotzea, modu horretan energia gehiago aurrezteko eta munduko efizientzia energetikoan eta prozesu jasangarrietan aurrera egin ahal izateko.

Ekintza hauetako kostuak diruz lagun daitezke:

– Ondasun higiezinak eraikitzea, erostea edo hobetzea.

– Makineria eta ekipamendu berria erostea produktuaren merkatu‑baliora arte.

– Arestian aipatutako gastuei lotutako administrazio‑gastuak, hala nola arkitektura, ingeniaritza eta aholkularitza hobariak, baita bideragarritasun‑azterketak ere.

– Ordenagailuko euskarri logikoak erostea edo garatzea eta hauek eskuratzea: patenteak, lizentzia, egile‑eskubideak eta taldeko markak erregistratzea.

Laguntza horien onuradunak mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen elkarteak, bi ekoizle edo gehiagoren elkarteak (izaera juridikoarekin) eta lanbide arteko edo langileen elkarteak dira.

Eskaerak EHAAn Agindua argiratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira 2024ko otsailaren 1era arte. Dena den, 2023ko apirilaren 1etik aurrera aurkeztutako eskaerak ere onetsiko dira.

Prozeduraren informazio-fitxan daude laguntza izapidetzeko jarraibideak eta fitxa horretatik sartzen da eskariaren inprimakietan; agindua honako esteka honetan argitaratzen denean kontsultatu ahal izango da fitxa hori: https://www.euskadi.eus/servicios/1222903