Eusko Jaurlaritzak 9 milioi eurorekin lagunduko die garraio publikoaren operadoreei, 2023ko lehenengo seihilekoko deskontuak finantzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, Iñaki Arriolak, eskatuta, foru-aldundiei, udal batzuei eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari emango zaizkien dirulaguntza zuzenak, garraio publikoaren operadoreei 2023ko lehenengo seihilekoan Euskadi osoan bidaiarientzat % 50eko hobariak mantentzeko kostuak finantzatzen laguntzeko.

Horrela, Garraio Sailak datozen egunotan ordainduko ditu dirulaguntza zuzen horien bidez urteko lehenengo seihilekoan kostu horiek ordaintzeko 9,08 milioi euroak.  Laguntza hori Euskadiko Garraio Agintaritzan lortutako akordioaren ondorio da. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzak % 10 finantzatuko du, tokiko erakundeak % 10en kargu egingo dira eta gainerako % 30 Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari dagokio. Aipatutako 9,08 milioi horiek batuko zaizkie 2022ko azken lauhilekoan, inflazio-testuinguru batean herritarrei laguntzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurri hau abian jarri zenean, helburu horretara bideratu ziren 6,06 miloi euroei.

Lurraldez lurralde, Araban Foru Aldundiak 0,33 milioi euro jasoko ditu eta Gasteizko Udalak 0,35 milioi.  Bizkaian, Foru Aldundiak 1,68 milioi jasoko ditu, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak 3,25 milioi, Bilboko Udalak 0,56 milioi, Barakaldokoak 17.844 euro, Leioakoak 2.936 euro, Etxebarrikoak 9.182 eta Erandiokoak 2.112. Gipuzkoaren kasuan, Foru aldundiak 1,73 milioi jasoko ditu, Donostiako Udalak 1,04 milioi, Arrasatekoak 5.160 euro, Irungoak 58.006, Errenteriakoak 20.155, Zarauzkoak 4.215, Eibarkoak 1.528, Lasarte-Oriakoak 880 euro, Oiartzungoak 849 euro, Oñatikoak 859 euro eta Hernanikoak 753.