Eusko Jaurlaritzak handitu egin du Ertzaintza euskalduntzeko kontu-saila, agenteen eskaerak nabarmen egin baitu gora

0

600.000 eurokoa izatetik 850.000 eurokoa izatera igaroko da, agenteek, dohainik, euskara ikasi ahal izan dezaten lan-ordutegitik kanpora

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran erabaki du Segurtasun Sailaren eta HABE – Helduen alfabetatze eta berreuskalduntzerako erakundearen arteko akordioa, ertzainak euskalduntzeko ikastaroak lan-ordutegitik kanpora antolatzeko dena, zabaltzea, bai denbora-horizonteari dagokionez bai aurrekontuari dagokionez.

Indarrean dagoen akordioa 2022ko irailaren 22an izenpetu zuten, eta guztira 600.000 euroko aurrekontua aurreikusten zuen 2023ko irailaren 30era bitartean antolatuko ziren ikastaroetarako: 400.000 euro 2022rako eta 200.000 2023rako. Eskaerek nabarmen gainditu dute hasierako aurreikuspena, eta aurtengo, 2023ko, kreditua, beraz, ez da nahikoa izango. Hori dela eta, Jaurlaritzak akordioa zabaltzea onartu du, bai denborari dagokionez bai aurrekontuari dagokionez. Horrela, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte luzatu du eta 850.000 euro esleitu ditu: 550.000 euro 2023rako eta 300.000 euro 2024rako.
Akordioak HABEren kargu uzten du Ertzaintzako pertsonalarentzat aurrez aurreko nahiz autoikaskuntzako ikastaroak antolatzeko jarduera materialen, teknikoen eta zerbitzuzkoen kudeaketa. Horrek errolda euskalduntzeko bidean aurrera jarraitzeko aukera emango du, horixe izanik herritarrei zerbitzu hobea eman ahal izateko polizia-erakundea sendotzeko Segurtasun Sailaren lehentasunezko helburuetako bat, gizartearekin harremana euskaraz izango duen Ertzaintza izateko gero eta handiagoa den eskaerari erantzun ahal izateko.

Elkarlanean 2017tik

HABE erakundea eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila 2017tik ari dira elkarlanean, urte horretan ezarri baitzen urtero berritzen joan den lehenengo hitzarmena. Adostu den zenbatekoak ikastaroetan parte hartu nahi duten agenteen matrikulen eta tasen kostua estaliko du.