Osakidetzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza eta koordinazio protokoloa sinatu dute arreta soziosanitarioan

0

Protokolo horren helburua da komunikazioa eta lankidetza erraztea osasun-arreta zein arreta soziala aldi berean eta koordinatuta behar duten pertsonak zaintzen diharduten Gizarte Zerbitzuetako eta Osasuneko taldeen artean

 

Gaur, 2023ko irailaren 26an, Osakidetzako Araba ESIaren, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailaren eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen arteko lankidetza- eta koordinazio-protokoloaren sinadura instituzionala egin da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldian.

Protokolo hori hiru erakundeetako profesional guztien ahaleginaren emaitza da, eta helburu nagusia da komunikazioa eta lankidetza erraztea osasun-arreta eta arreta soziala aldi berean eta koordinatuta behar duten pertsonak zaintzen diharduten Gizarte Zerbitzuetako eta Osasuneko taldeen artean.

Horrela, protokoloak kasuen komunikazioa eta koordinazioa indartu eta arintzeaz gain, elkarrekin esku hartzeko programak eta proiektuak diseinatzen, ezartzen eta ebaluatzen lagundu nahi du. Era berean, bi eremuetako erakundeen eta profesionalen artean informazioa trukatzea sustatuko du, bai programei dagokienez, bai baliabideei eta zerbitzuei dagokienez, eta osasun-sistemetako eta gizarte-zerbitzuetako lantaldeen baterako prestakuntza sustatuko du.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusia, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatua eta Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzia.

Ekitaldian “Importancia de la coordinación entre profesionales de los distintos sistemas y confidencialidad” («Sistemetako profesionalen arteko koordinazioaren garrantzia eta konfidentzialtasuna») izeneko hitzaldi nagusia eman du Begoña Románek, Filosofian doktorea eta Kataluniako Gizarte Zerbitzuen Etika Batzordeko presidenteak.

Protokoloa aurrerapauso nabarmena da hiru erakundeen arteko ekintzak abian jartzeko, osasun-zerbitzuak nahiz gizarte-zerbitzuak behar dituzten pertsonen arreta modu integratu eta eraginkorragoan koordinatzeko, profesionalen arteko loturak sendotuz eta laguntza-sare sendoago baterako eta onuradunen bizitzako etapa guztietan arreta-kalitate handiagoa izateko oinarriak ezarriz.