Azpiazuren ustez, «tasak igotzeak ekonomia deprimitzen du. Kirurgia fineko soluzioak behar dira «

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Euskadi Irratian. Azpiazuk Europako Banku Zentralak interes-tasak igo izanari buruz hitz egin du, eta hau esan du: «Tasak igotzeak ekonomia deprimitu egiten du. Kirurgia fineko soluzioak behar dira”. Sailburuak honako hau ere gaineratu du: «Tasen igoerek hazkunde ekonomikoaren aurka egingo dute eta, nire ustez, hori ez da bidea. Aurretiazko esperientzia bat dugu ikasteko. Tasak igotzeak gehiago deprimitzen du ekonomia. Kirurgia fineko soluzioak behar dira».

 

Bankuek partikularrei gordailuak ordaintzeari buruz ere galdetu diote Pedro Azpiazuri, eta iragarri du berak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok urriaren 9an banku-erakunde nagusiekin biltzeko asmoa dutela gai hori aztertzeko, «eskumenik ez dugun arren» —zehaztu du Azpiazuk—,»oso harreman ona dugu banku-erakundeekin, eta konfiantza-esparru horretan laguntzea bilatuko dugu».

 

Europako Funtsei dagokienez, sailburuak azpimarratu du ez direla ondo kudeatzen ari: «atzo, ministroari bidalitako gutun baten bitartez, foru-errepideen sarea hobetzeko dagokion zatia eskatu nuen. Euskadik ez du euro bakar bat ere jaso. Orain arte banatutakoaren % 4,8 inguru iritsi da Euskadira».

 

Datozen hilabeteetarako deitutako grebei dagokienez, Azpiazuk esan du kezkatuta dagoela, eta adierazi du asmo argi bat dagoela; izan ere, hainbat deialdik denboran bat egiten baitute: «errespetatzen dut, baina guztion artean gogoeta egin beharko genuke zergatik dauden hainbeste greba. Bizi-kalitate ona dugu… nork bere arrazoiak jakingo ditu. »

 

Aste honetan bertan ezagutzera eman diren aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, Azpiazuk honako hau nabarmendu du: «Gure aurreikuspenen arabera, dezelerazio handiagoa egongo da Europan, bereziki Alemanian. % 1,7ko hazkundea izango dugu 2023an, eta datorren urtean % 2,1ekoa; gainera, enplegua sortuko da».

 

Elkarrizketan zehar, sailburuak azpimarratu du 2024rako aurrekontuak aurtengoak baino handiagoak izango direla, baita berriro ere talde parlamentario guztiekin akordioak lortzen saiatzeko ahalegina egingo dutela ere —VOX salbuetsita, aurrekontuak onartzeko beharrezkoa ez den arren—.

 

Azkenik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gogorarazi du abian dela zerga-koordinaziorako organoaren zerga-erreformari buruzko eztabaida, baina: “Foru-aldundien eskumena da. Zer egin nahi dugun eta horretarako zein bitarteko behar ditugun aztertu behar da. Ekitatea eta progresibitatea izan behar ditugu ardatz».