Enplegu Zentro Berezien dekretu berriarekin batera, Lanbidek laguntzak handituko ditu desgaitasuna duten pertsonak merkatu arruntean kontratatzeko

0
  • Francisco Pedrazak parte hartu du Katea-Legaiaren instalazio berrien inaugurazioan, Irunen. Industria-enplegurako zentro berezia da. Eta bertan desgaitasuna duten 58 pertsonak lan egiten dute

Lan eta Enplegu Saila (Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzendua) Enplegu Zentro Bereziei buruzko dekretu berria onartzen ari da. Dekretuak Euskadiko desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak esparru komunera egokituko ditu. Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak aurreratu duen bezala, desgaitasuna duten pertsonak merkatu arruntean kontratatzeko laguntzetara bideratutako zenbatekoak handituko dira (besteak beste).

Gaur, Pedrazak Katea-Legaiaren instalazio berrien inaugurazio ekitaldian parte hartu du, Irunen. Zentro hori gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezia da, eta desgaitasuna duten 58 pertsona enplegatuko ditu. Ekitaldian honakoak izan dira:  Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Jose Antonio Santano, Irungo alkatea; Natalia Petracca, enpresako presidentea; eta bertako zuzendaria, Pablo Nuñez. Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Gizarteratze zuzendaria ere bertan izan da.

Hitzaldian, Lanbideko zuzendari nagusiak Lehendakariordeak zuzendutako Sailak enplegu-zentro berezien alde egindako apustua aipatu du; eta bertan kokatu du dekretu berriaren hurrengo onarpena. Halaber, azaldu duenaren arabera, dekretu honek Sistema Nazionalera egokitu egingo du Euskadiko desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programen eta zerbitzuen erregulazioa. Horrek esan nahi du gutxieneko zenbateko berriak aplikatuko direla (alegia, lanpostuak mantentzeagatiko soldata-kostuaren diru laguntzetan aurreikusitakoak). Horretaz gain, handitu egingo dira desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean kontratatzeko laguntzetara bideratutako zenbatekoak handituko direla.

Dekretua onartzea enplegua eta politika aktiboak eraldatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Prozesua udazkenean amaituko da, Enpleguaren Euskal Legea onartzearekin batera. Halaber, aipatu behar da honako ardatzek islatzen dutela egungo legegintzaldiaren espiritu eraldatzailea: aipatu Dekretuak; Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren legea; eta Lanbidea aldatzeko proiektuak. Pedrazak gogorarazi duenez, hurrengo Enplegu Legeak «Herritarren eskubideak zabalduko ditu; zeren eta pertsona guztiek (langabetuek zein landunek) bermatuta izango dute Lanbideren laguntza pertsonalizatua. Arlo publikoa indartuko du (Lanbideren zerbitzua). Eta hobeto antolatuko ditu arlo horretan jarduten dugun eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztiak (eraginkorragoak izan daitezen)».

Konpromisoa zentro bereziekin

Ildo horretan, Pedrazak berretsi du Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak konpromiso argia duela zentro bereziekin. Eta horren isla da, azken urteetan, aurrekontua etengabe handitu dela. Hala, adibidez, gogorarazi du desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak mantentzeko laguntzak 66,2 milioi eurokoak izango direla aurten; eta, 2024an, kopuru hori 69,4 milioira igoko dela. Era berean, adierazi du Lanbidek, urtero, 5,5 milioi bideratzen dituela lanbide-jarduerari laguntzeko unitateentzako soldata-laguntzetarako; eta horretaz gain, milioi bat bideratzen du enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako.

Inor atzean ez geratzeko konpromiso hori honako hauek osatzen dute:  desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntetan kontratu mugagabearen bidez kontratatzeko laguntzek (azken bost urteetan, 2,2 milioi bideratu dira eta 600 pertsona baino gehiago kontratatu dira); enplegu lagunduko programak (1,2 milioi euro, 2023an); edo Lanbidek bi urtean behin antolaturiko orientazio-deialdiek (zuzkidura milioi bat euro baino gehiagokoa da, 2023-2025 aldirako).