Euskal Herriko Unibertsitateak Gabriel Aresti Katedra abian jarri du

0
PRUEBA

Gabriel Aresti Katedrak izen bereko intelektualak eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. Dena dela, ez da soilik 60ko edo 70eko hamarkadetako Arestiri buruz arituko, euskal pentsamenduarekin, artearekin, euskal literaturarekin, euskararekin eta, oro har, euskal kulturarekin UPV/EHUn lanean ari direnen elkargunea izan nahi du.

Atzo, irailak 27, Bizkaia Aretoan Gabriel Aresti Katedra aurkezpen ekitaldia ospatu zen. Katedra  Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) sortu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Inauguratzeko egin zen ekitaldian hitzaldiak, Gabriel Arestiren poemen irakurketa eta Pello Ramirezen musika tartekatu ziren.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak adierazi zuenez, “Gabriel Aresti euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea izanik, garrantzitsua da bere figura eta lanak aztertzea eta hedatzea, baina  Gabriel Aresti Katedrarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa ere berresten du. Euskara eta euskal kultura gure unibertsitatearen jardueraren erdigunean daude, eta Gabriel Aresti  Katedra da erronka horiek gainditzeko oinarrizko eragile bat”.

Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak azpimarratu zuenez, derrigorrezkoa da gazteenek gure kulturaren eta literaturaren sustraiak ezagutzea, belaunaldi berri horiek gaur egun garenak izatera zelan iritsi garan ulertzea eta gure aurreko ahotsek inspiratuta sentitzea: “Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu honen aldeko apustu sendoa egin dau, gure nortasun kulturala jagoteko daukan garrantzia aitortuz. Gabriel Aresti Katedra gure sustraiak ahaztu barik etorkizunera begiratzeko daukagun erabakimenaren testigantza da. Aurrera pausoa da gure euskal nortasun kulturala jagon eta sustatzeko bidean”.

Patxi Juaristi UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da eta Katedrako zuzendaria. “Ez dugu nahi soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egin. Katedraren nahia da Gabriel Arestiren mezuek, lanek eta pentsamenduek gaur duten balioa, eragina, oihartzuna aztertu eta horri guztiari buruz gogoeta egin. Aldi berean, euskal kulturarekin UPV/EHUn lanean ari diren unibertsitate kide guztien elkargunea izan nahi du”, azaldu zuen Juaristik.

Arestiren eragina

Gabriel Arestiren eragina handia izan zen euskal kulturaren munduan 60ko hamarkadan eta 70eko hamarkadaren hasieran.  Ikuspuntu literariotik bide aberats, original eta emankorrak sortu zituen, eta euskalduntasuna ulertzeko modu berriak ireki. Gabriel Aresti bide urratzailea izan zen, eta euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea da.

Katedraren asmoak honela laburbildu daitezke:

  • Literatura, kultura, komunikazioa, artea, soziolinguistika, linguistika eta, oro har, gizarte alorreko gaien inguruko azterketak eta ikerketak bultzatzea.
  • Euskal kultura eta arteari buruzko arte-sormena bultzatzea.
  • Ikuskizunak eta publiko orokorrarentzako dibulgazio ekimenak antolatzea.
  • Zeharkako helburuak dira genero-ikuspegia kontuan hartzea egitasmo guztietan, eta euskara lanerako lehen hizkuntza izatea. Zentzu horretan, Katedrak unibertsitateko hizkuntza sustatzeko jarduera-planaren barruan lan egingo du.

Hitz gutxitan esateko, Gabriel Aresti Katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari loturiko unibertsitate katedra bat da. Ondorioz, bere lan esparru garrantzitsuena unibertsitatea izango da, eta katedraren lanaren eta emaitzen hartzaile inportanteenak ere unibertsitate komunitatea izango da.

Katedraren asmoa ere bada Euskal Herriko kultura eta arteen ikerketan lan egiten duten  erakunde eta pertsonekin elkarlanean aritzea. Beraz, gai zehatzen inguruan, lankidetzarako harremanak edo hitzarmenak egingo ditu erakunde, pertsona edo mugimenduekin. Dagoeneko Katedrak pausu batzuk eman ditu. Adibidez, Bizkaiko Campuseko Bibliotekan Gabriel Arestiren lanak eta idazlearen obrari buruzko liburuak biltzen dituen funts bibliografiko bat antolatu da.

Katedrak unibertsitateko kideez osatutako batzorde bat dauka. Koordinatzailea Patxi Juaristi irakaslea da, eta hiru kolaboratzaile egonkor izango ditu: Asier Blas, Eli Larrinaga eta Bea Zabalondo, guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak.  Horrez gain, momentuaren eta ekimenaren arabera, beste kolaboratzaile batzuek ere parte hartuko dute katedrak bultzatzen dituen ekimenen antolaketan. Gabriel Aresti Katedra Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzaren bidez eratu da, eta Bizkaiko Campuseko kultura zuzendaritzarekin koordinazioan lan egingo du.