Ihobe ingurumen-agentzia Europako eskualdeetako Encore sarearekin aritu da EBko klima-egokitzapenerako misioari buruz, edo ekonomia zirkularreko proiektuei buruz, hala nola Iceberg

0

Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto Herbehereetako Gelderland eskualdean egon da (herrialdeko hamabi probintzietako bat) ENCORE sarearen bi urtez behingo biltzarrean parte hartzeko. ENCORE Europako eskualdeen ingurumenaren arloko sare politikoa da; duela 30 urte hasi zen lanean, eta Euskadi kidea da hasieratik.

Irekiera-ekitaldi ofiziala Herbehereetako ingurumen ministro Vivianne Heijnen-en eskutik egin zen. Ondoren ENCORE 2023 biltzarrean bi panel tematiko abiatu dira: bata Klima Aldaketara Egokitzeko EBren Misioari buruzkoa eta bestea ekonomia zirkularraren arloko EBko eskualdeetako jardunbide onei buruzkoa. Bigarren panelean Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok Euskadi ekonomia zirkularraren arloan buruzagi ari den proiektu nagusiak aurkeztu ditu. Hain zuzen ere, honako hauen berri eman du: ETE zirkularra – enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko programa; Basque Ecodesign Center EAEko enpresa handiekin lankidetza publiko-pribatuan aritzeko ekimena; Europako ICEBERG proiektua, eraikuntzako eta eraispeneko materialak bigarren mailako materialen merkatua bultzatzeko erabiltzeari buruzkoa.

Hiru hamarkada sare-lanean

ENCORE (Environmental Conference of the Regions of Europe) 1993. urtean sortu zen bi urtez behin Europako eskualdeetako buruzagi eta arduradun politikoak lankidetzan aritzeko honako helburu hauekin: ingurumenaren arloko kezka nagusiez hitz egin, baterako jarrerak adostu, eta Batasunaren politiketan eragin, Europar Batasuneko agintariei eskualdeetako gobernuen iritzien berri emanez.

Gaur egun ENCORE sarean 122 eskualde-gobernu daude. Sarearen jardun-ildo nagusiak klima-aldaketa, ekonomia zirkularra eta bioaniztasuna dira.
Euskadi sortze beretik ari da ENCORE sarean; gaur egun Batzorde Exekutiboan dago, eta bertan iraungo du 2024ra arte. Sare honek Batasunaren ingurumenaren arloko politikak eskualdeetan eraginkortasunarekin aplikatzen laguntzen du.

Gazteek parte hartzea

ENCORE biltzarraren aurreko astean YouthCORE biltzarra egin dute sareko kideetako gazteek, eta horrez gainera trantsizio energetikoari eta ekonomia zirkularrari buruzko «The Future of Us” ekitaldia ere egin da. Aurtengo edizioan 500 pertsona baino gehiago aritu dira (hainbat arlotako enpresen ordezkariak, alderdi politikoen ordezkariak, ikerlariak eta gazteak) Europaren etorkizun jasangarriaz hitz egiten. Bi euskal ordezkari, María Lertxundi eta Mikel Llona, Euskadiko Gazteria Kontseiluko kideak, buru-belarri aritu dira.