Iñigo Urkullu lehendakariak adineko pertsonek euskal gizartean duten balioa eta ekarpena nabarmendu ditu Euskadiko Adinekoen Lehen Jardunaldian

0
  • Topaketak Euskadiko 230 gizarte-zentrotik gorako 1.300 pertsona baino gehiago bildu ditu
  • EAEko lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu
  • Urriaren 1a, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna
  • “Egun honek lanean jarraitzera animatzen gaitu, adineko bakoitzari Euskadin bizitza aktibo eta betea izateko aukera bermatzeko”, esan du lehendakariak

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Adinekoen Lehen Topaketara joan da gaur, EuskoFederpen Adinekoen Euskal Federazioak antolatuta. Ekitaldiak 1.300 lagun baino gehiago bildu ditu Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta gizartean duten garrantzia nabarmentzeko.

Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkatea eta Félix Elkoroiribe, EuskoFederpen elkarteko presidentea, izan ditu lagun lehendakariak.

Durangoko Landako Gunean egin den jardunaldian, Urkulluk azpimarratu du garrantzitsua dela “adineko pertsonek euskal gizartean jokatu duten eta betetzen jarraitzen duten papera aitortzea eta baloratzea”. «Gure gurasoek gaur egun ezagutzen dugun Euskadi eraiki zuten. Gure betebeharra da ondare hori ohoratzea eta etorkizunera eramatea zehaztasunez, hurbiltasunez eta pasioz», esan du lehendakariak.

Era berean, Urkulluk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak “oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, haratago joateko borondatea duela, guztiontzako bizitza osoa bermatuz”, adinekoen ongizatearen garrantzia azpimarratuz. “Euskadin, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzeko konpromisoa dugu”, esan du.

Zahartzeari buruzko ikuspegiaren aldaketari buruz, lehendakariak adierazi du “munduko aldaketa demografiko bat bizitzen ari garela”. “Lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta erabiltzen dugun hizkuntza ere aldatzen dugu. Nahiago dugu bizitza osoaz hitz egin, adinekoek gure gizarteari ematen dioten jakinduria, esperientzia eta aberastasun kulturalaren aitorpena islatuz”.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk argi utzi du Eusko Jaurlaritzak adinekoekiko duen jarrera, eta honako hau adierazi du: “Gure eginbehar nagusia adineko pertsonen funtsezko eskubide guztiak aitortu eta bermatzea da: etxebizitza duina, osasun-arreta egokia bermatzea, gizartean aktiboki parte hartzea sustatzea, etengabeko prestakuntzarako aukerak eskaintzea eta, batez ere, beren bizitzako etapa bakoitzean haien duintasuna zaintzea”.

Amaitzeko, lehendakariak bertaratutako guztiei eskerrak eman dizkie etortzeagatik eta parte hartzeagatik, eta “Eusko Jaurlaritzak horietako bakoitzarekin duen konpromisoa” berretsi du.

EuskoFederpen, Adinekoen Nazioarteko Eguna

Felix Elkoroiribe EuskoFederpeneneko presidenteak «Sinetsi, Sortu, Hazi» izeneko hitzaldian nabarmendu duenez, «Aurrera egiteko, sinetsi egin behar da, guk proiektu honetan sinetsi dugu, ekitaldi hau sortu dugu eta horrekin batera hazi gara».

Elkoroiribek eskerrak eman nahi izan dizkie Bizidun eta Izar Gaztea elkarteei ekitaldiaren antolakuntzan izandako inplikazioagatik eta egindako lan handiagatik, adinekoen eskubideak goraipatuz manifestua irakurri baitute.

EuskoFederpenen lehendakariak erakundeen garrantzia ere azpimarratu du, batez ere Durangoko Udalarena eta Eusko Jaurlaritzarena.

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek persona nagusiek gure gizartean duten garrantzia azpimarratu du: «zorretan gaude hainbeste urtetan eman diguzuen guztiagatik, aurreko belaunaldiek egin zuten bezala. Zuei esker iritsi gara honaino, gaur egun bizi dugun garapen maila eta bizi kalitatea lortu dugu. Asko zor dizuegu, eta agian orain arte ez dugu jakin ekarpen hori guztia merezi bezala eskertzen eta egokitzen «, adierazi du.

Adierazi duenez, Durangon «pozik gaude SINESTEA, SORTZEA ETA HAZTEA oinarri hartuta garatzen ari zareten prozesu polit honetan lagundu ahal izateagatik, administrazioentzat aukera bikaina dela uste baitut, eta ziur nago indartuta aterako garela».

Horregatik, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu du «dagoeneko ikasi dugu zein izan behar duen gure egitekoa, zuek erakutsi diguzue; beraz, gure aldetik, gurekin egon zaitezkete, zuei laguntzeko eta behar duzuena errazteko; izan ere, sortzeko gaitasunari dagokionez, erakutsi diguzue, beste behin ere, esperientzia, ezagutza eta gaitasun nahikoa duzuela nahi duzuen guztirako.».

Eta, amaitzeko, eskerrak eman ditu I. Topaketa honetarako Durango aukeratu izanagatik, bere konpromisoa berretsiz eta topaketa hau Durangon, Euskadiko erdigunean, ospatzera gonbidatuz.

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, egunean zehar manifestu bat irakurri da, adinekoek euskal gizartean duten rol aktiboa eta funtsezkoa baloratuz eta haien ongizatea eta eskubideak bermatuko dituzten ekintzak sustatuz.

EuskoFederpen osatzen duten hiru elkarteetako ordezkariek ere hartu dute parte jardunaldian: Maribi Andrinua (Bizkaia); Sabina Altuna (Araba); eta Marimí Ugalde (Gipuzkoa).

Jardunaldiaren amaieran, Toti Martinez de Lezea idazlearen hitzaldi bereziarekin Creer y cumplir sueños siendo personas mayores eta Izar Gaztea abesbatzaren emanaldi hunkigarriarekin bukatu da.