Mundu osoko 76 herrialdetako 777 startupek eman dute izena Eusko Jaurlaritzaren BIND 4.0 ekintzailetza-programan

0
  • % 50ek teknologia jasangarriak proposatzen dituzte eta % 25ek adimen artifiziala aplikatzen dute.
  • 8. ediziorako hautagaitzen artean, 560 nazioarteko startupak dira eta 35 Euskal Autonomia Erkidegokoak.
  • Azelerazio-programako 70 partner enpresek hautatuko dituzte, eta horien artean daude Mercedes-Benz, ITP Aero, CIE Automotive, Erhardt, Danobatgroup, Iberdrola, GH Cranes, BTI Biotechnology Institute edo Eroski.

BIND 4.0 berrikuntza-plataforma irekiak 777 hautagaitzarekin itxi du bere azelerazio-programaren zortzigarren ediziorako deialdia, zortzi ediziotan erregistratutako kopururik handiena izanik. Programara 76 herrialdetako startupak aurkeztu dira proiektu berritzaileak lau arlotan garatzeko: industria adimenduna, energia garbi eta jasangarria eta elikaduraren eta osasunaren teknologia.

Zortzigarren edizio honetan parte hartuko duten startupak azelerazio-programako 70 partner enpresek hautatuko dituzte, eta horien artean daude Mercedes-Benz, ITP Aero, CIE Automotive, Erhardt, Danobatgroup, Iberdrola, GH Cranes, BTI Biotechnology Institute edo Eroski. Edizio honetako berrikuntza nagusi gisa, enpresa horiek 12 erabilpen-kasu proposatu dituzte startupek, hautagaitza aurkezten dutenean, premia horiei erantzuteko soluzio zehatzak planteatu ditzaten.

Jasangarritasuna eta adimen artifiziala izango dira zortzigarren edizioaren protagonistak

Izena eman duten startupen % 50ek industria efiziente eta jasangarriagoa sortzera bideratutako berrikuntza-proiektuak proposatu dituzte, ingurumen-inpaktuan eta CO2 murriztean hobekuntzak planteatuz. Startupen % 43k barneko prozesuen digitalizazioaren eta optimizazioaren erabilpen-kasuari erantzuna emateko proposamenak aurkeztu dituzte. Eta hirugarren posizioan ekoizpen-prozesuen trazabilitatearekin, monitorizazioarekin eta integrazioarekin lotutako soluzioak ematen dituzten proposamenak daude.

Sektoreko teknologia eraldatzaile nagusiei dagokienez, startupen % 25ek adimen artifizialaren aldeko apustua egiten dute eta % 10ek IoT-ren aldekoa, eta jarraian daude Big Data, murgiltze teknologia, robotika eta fabrikazio aditiboa erabiltzen dituztenak.Startupek hainbat jarduera-sektoretarako soluzioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta aipagarria da edizio honetako hautagaien % 60k industria adimendunaren arloan aplika daitezkeen soluzioak planteatzen dituztela eta, bigarren lekuan, % 43k energia garbiaren eta jasangarritasunaren arloan aplika daitezkeenak. Bestalde, % 23k osasunaren arloan aplikatzen dituzte euren soluzioak eta % 21ek elikaduraren sektorean.

Munduko berrikuntza-hub nagusietako startupek BIND 4.0 aukeratzen dute

Startupen jatorriari dagokionez, azken urteotan ikusten den joera da munduko berrikuntza-hub nagusietako enpresa emergenteek BIND 4.0 aukeratzen dutela hazten jarraitzeko. Aurten BIND 4.0k proiektuak Euskadiko industrian garatzeko interesa duten eta Alemaniatik, Italiatik, Erresuma Batutik, Israeldik edo AEBtik datozen soluzioak izango ditu.

Alde horretatik, nazioarteko startupen kopuru handia ere nabarmendu behar da, 560 hautagaitza baino gehiago erregistratu baitira, guztien % 84, alegia. Ehuneko horren % 50, hau da, 390 hautagaitza, Europatik aurkeztu dira, Amerikaktik, berriz, % 19 aurkeztu dira eta Asiatik % 13,5. Gainera, 8 ediziotan lehenbiziko aldiz, BIND 4.0 ekimenak Ozeaniako hautagaitzak ere izan ditu, Australiako 5 startup aurkeztu baitira.

Hautagaitza guztien % 4,5 Euskadikoak dira, eta 16 dira Gipuzkoakoak, 14 Bizkaikoak eta 5 Arabakoak. Gainerako % 11,7, hau da 91 hautagaitza, Estatuko gainerako lurraldeetakoak dira.

Jada zortzi ediziotara iritsi den BIND 4.0 industriaren digitalizazioa enpresa eta startup berritzaile handien arteko elkarlanaren bitartez sustatzen duen erreferentziako ekimenetako bat da. Eredu arrakastatsu honen bidez, orain arte, 200 startup baino gehiago azeleratu dira eta 300 proiektu baino gehiago garatu dira, eta 7,7 milioi eurotik gorako fakturazioa gainditu da. Hori guztia, programa osatzen duten hiru ekimenei esker: BIND 4.0, korporazio handietara zuzendutako azelerazio-programa; SME Connection, ETEekin berritzeko; eta, hirugarrena, BIND 4.0 GovTech, sozietate publikoen digitalizazioa sustatzeko.