Osasun Sailak gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko emakumeari zuzendutako kanpaina jarri du abian

0

Bizitzaz betetako bihotzak ekimenak ohitura osasungarriak bultzatzen ditu, gaixotasun kardiobaskularrak baitira emakumeen heriotza-kausa nagusia

Gaixotasun kardiobaskularren (GKB) prebalentzia oso esanguratsua da Euskadin, Euskal Estatistika Erakundeak 2020tik bildutako heriotza-tasetan islatzen den bezala. Tasa altuenak emakumeetan ematen dira; gizonetan, berriz, zertxobait txikiagoak dira. Termino absolutuetan, GKBak dira emakumeen heriotza-kausa nagusia, eta horien % 25 inguru biztanleria-talde honetan gertatzen dira.

Horregatik, gaur, Bihotzaren Mundu Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak gure bihotzak zaintzearen garrantziaz ohartarazten digute, batez ere genero-ikuspegitik pentsatutako kanpaina baten bidez. Kanpaina horren «Zaindu zure bihotza. Asko du esateko» mezuak osasun kardiobaskularra zaintzeko beharra nabarmentzen du. ‘Bizitzaz betetako bihotzak’ kanpaina honen helburuak dira gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzearen garrantziaz kontzientziatzea —batez ere emakumeen artean—, emakumeen artean osasun kardiobaskularraren garrantzia gogoratzea eta ohitura osasungarriak sustatzea.

Izan ere, GKBak arrisku-faktoreen konbinazio batek eragiten ditu, faktore aldagarriak barne hartuta, hala nola hipertentsio arteriala, tabakismoa, diabetesa, kolesterol altua, gehiegizko pisua eta obesitatea, estresa, egoneko bizitza eta jarduera fisikorik ez egitea.

ARRISKU HANDIAGOA EMAKUMEEN ARTEAN

Emakume askok ez dituzte sintomak kontuan hartzen, haien inguruko informaziorik ez dutelako edo beste osasun-arazo batzuekin nahasten dituztelako, hala nola antsietatearekin edo larritasunarekin. Era berean, emakumeen artean minaren tolerantziari buruzko gizarte-kulturak ere eragina du diagnostikoan. Emakumeen artean ezjakintasun-maila handia dago oraindik, eta patologia horien garrantzia minimizatzeko joera dute.

Bihotzari eta odol-hodiei eragiten dien nahasmendu multzo horrek (hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, bihotz-gutxiegitasuna eta istripu zerebrobaskularra, besteak beste barne hartzen ditu) mundu osoko heriotzen % 32 eragiten du, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera. Hau da, urtean 17,9 milioi heriotza inguru eragiten ditu, eta mundu osoko heriotza-kausa nagusietako bat da.

Euskal osasun-plangintzaren esparruan, zehazki Euskadiko Osasun Plana 2030 izenekoan, bihotzeko gaixotasunen tratamendua gizarte- eta genero-desparekotasunak kontuan hartuta lantzen da.