Eusko Jaurlaritzak 40.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Artxibo Historikoaren dokumentu-ondarearekin lotutako lau ikerketa-bekatara

0

Gobernu Kontseiluak lau ikerketa-bekaren deialdia onartu du gaur Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsak eta dokumentu-ondareak ikertzeko. Beka bakoitza 10.000 eurokoa izango da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, deialdi honekin, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako euskal dokumentu-ondarearen ikerketa sustatu nahi du.

Bekaren eskatzaileek banaka aurkezten diren ikertzaileak izan beharko dute, eta memoria batean zehaztu beharko dituzte ikertuko dituzten objektu eta jarduerak eta baita proiektuaren epe eta justifikazioa ere.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta pertsona bakoitzak beka-eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du.