Garamendik Txileko Senatuaren Deszentralizazio Batzordean parte hartu du Valparaison

0
  • Batzordea osatzen duten bost senatariek hartu dute parte bileran, Velasquez Núñez senataria buru zela.

Txilera egindako bidaia ofizialaren bigarren egunean, euskal ordezkaritza, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua buru dela, Valparaiso hirira joan da. Bertan, Senatuko presidenteak, Juan Antonio Coloma, hartu du eta Senatuko Gobernu, Deszentralizazio eta Erregionalizazio Batzordearen saio batean parte hartu du.

Bilkura horretan, senatuan bertan, Batzorde osoak parte hartu du; Batzordeko presidentea, Esteban Velasquez Núñez senataria, eta Carmen Gloria Aravena, Pedro Araya Guerrero, Karim Bianchi Retamales eta Paulina Vodanovic senatariak.

Bileraren amaieran Garamendik gogorarazi duenez, «deszentralizazioa ezagutzatik egin behar da, erantzukizunez eta hurbileko kudeaketarekin. Eta hori leialtasun instituzionaletik bakarrik lor daiteke, eta Euskadiko zein Txileko herritarrentzat ongizate eta aurrerapen maila handiagoak lortzeko helburuarekin”.

Txileko Senatuaren batzorde iraunkor horren helburua da deszentralizazio administratiboa sustatzeko, tokiko garapenaren kudeaketa bultzatzeko, eskualdeen beharrak asetzeko eta herrialdearen barne ongizatearen aldeko legeak egiteko politikei buruzko lege proiektuak egitea eta gaiak aztertzea.

Kongresu Nazionalaren Gardentasunerako bi Ganberako Taldea

Aurretik, Kongresu Nazionalean sailburuak bilera bat egin du Txileko Kongresu Nazionaleko Gardentasunerako bi Ganberako Taldearekin. Talde honek gizarteak legeen garapenean parte har dezan sustatzen du eta, era berean, Open Goverment Partnershipeko (OGP) Txileko Parlamentu Irekiko Lantaldea koordinatzen du. Organo horretako kide da Euskadi 2018tik. Topaketan parte hartu dute Alfonso de Urresti senatariak eta Vlado Mirosevic Verdugo diputatuak.