Climathonen seigarren edizioa aurkeztu da

0
PRUEBA

Hilabete honetan egingo den Climathonen seigarren edizioaren erronka nagusia, une hauetan, Gipuzkoako eta Euskadiko trantsizio ekologiko eta energetikorako proiektuen garapena bultzatzea eta azkartzea da.

Climathonen edizio berri hau urriaren 27an, 28an eta 29an egingo da, eta gaur aurkeztu dute Eibarren Jon Iraola alkateak Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuak, Patxi Alkorta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarreko koordinatzaileak eta ekimenaren talde antolatzaileko kide den Alfredo Bezosek.

Eibar Climathon ekimena Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak eta Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak bultzatu eta finantzatzen dute, neurri handi batean, Clima Lab kolektiboaren eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren lankidetzarekin; eskola horretan, Eibarren, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua ematen da. Ekimena Climathon sare europarrarekin batera antolatzen da, EIT Climate-KIC-ekin eta Alkatetzen Hitzarmenarekin (Covenant of Mayors) elkarlanean.

Inaugurazio-ekitaldia urriaren 26an izango da, eta Jon Iraolak, José Ignacio Asensiok, Patxi Alkortak eta Alfredo Bezosek hartuko dute parte.  Climathoneko saioak UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, Eibarren, izango dira, hilaren 27an, 28an eta 29an, asteburu bakarreko formatura itzulita.

Hiru egun horietan, energia-alorreko ikasketak egiten diharduten ikasleek, gaian adituak diren arlo publiko zein pribatutako ordezkariekin batera, gogoeta egingo dute etorkizun energetikoaren inguruan.

Lehen egunean lantaldeak osatu ondoren, beste bi egunetan, krisi energetikoari eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko irtenbideak eta alternatibak planteatuko dira, konklusioak azalduko dira eta proposamen onenak egin dituzten egileei sariak emango zaizkie.

Hitzaldi eta topaketen bidez, gazte berritzaile talentudunak eta enpresa publiko eta pribatuak batu nahi dira, jasangarritasunari lagunduko dioten proiektuak abian jartzeko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko.  Hala,  Climathon ekimena dei bat da Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko gazteek eta ikasleek tokiko eta eskualdeko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan jarduteko eta planteatutako erronkei irtenbideak bilatzeko.

Aurkezpenean, Jon Iraola alkateak adierazi duenez, «proiektu honen bidez klima-aldaketaren inguruan hausnartu nahi dugu; aurten, gainera, jasaten ari garen tenperatura altuekin, inoiz baino beharrezkoagoa da klima-aldaketari aurre egiteko konponbideak asmatzea eta esparru honetan ekintzailetza bultzatzea».

Iraolaren ustez, “Eibar inguru honetako erreferentzia bihurtzen ari da herritarren kontzientziaziorako hain interesgarriak eta beharrezkoak diren proiektuak gauzatzen”, eta, zentzu horretan, adierazi duenez, «erakundeok oso zeregin garrantzitsua dugu ingurumenaren arloan, eta erabaki ausartak hartu eta gizartea kontzientziatzeko balioko duten ekimenak bultzatu behar ditugu”.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, bere aldetik, honako hau adierazi du: «Gaur egungo egoerak adierazten digu zein diren aurre egin beharreko erronka nagusiak: krisi energetikoa eta materialen urritasuna. Hortik Climathon bezalako ekimen baten garrantzia, aukera paregabea baita Gipuzkoako gazteen sormena eta lidergoa sustatzeko, energia iturri eta material berriak bilatzen dituzten ekoizpen-eredu berrien ikerketan aktibatuz.”

Halaber, Patxi Alkorta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko koordinatzaileak, Eskolaren eta Eibarko udalerriaren artean ematen ari den lankidetza estuaren balioa azpimarratu nahi izan du: “Climathon ekitaldi garrantzitsuenetako da, bai jorratzen den gaiarengatik, bai ikasleen eta eragileen mobilizazio-gaitasunarengatik.»

Azkenik, Alfredo Bezos antolakuntzako kideak azaldu du zein izango diren seigarren edizio honetan taldeek landuko dituzten erronken ardatz estrategikoak: trantsizio energetikoa, ekonomia zirkularraren sustapena, eta mugikortasun jasangarriaren bultzada Gipuzkoako lurraldean, hain zuzen azken puntu hori oso kontu garrantzitsua Gipuzkoako deskarbonizazioaren estrategian.