Lehendakaria ostegunean hasiko da 2023ko Euskadi-Japonia programan parte hartzeko Japoniara egingo duen bisita ofizialarekin

0

 

  • Bidaia Tokioko Basque Week delakoa denean egingo du, eta helburua da Euskadi Basque Country sustatzea nipondarren herrialdean
  • Programan, gainera, topaketak izango dira erakunde-, ekonomia-, unibertsitate- eta kultura-eremuetan; asteartera arte izango dira, urriaren 17ra arte

Lehendakaria ostegunean hasiko da, urriaren 12an, Japoniara egingo duen bisita ofizialarekin; bisita 2023ko Euskadi-Japonia jardueren urteko programan sartzen da. Programa horren helburua da alde biko harremanen berri ematea eta harreman horiek areagotzea eta Euskadi Basque Country nipondarren herrialdean sustatzea.  Iñigo Urkulluarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburuak, Javier Hurtado Merkataritza eta Turismoko Sailburuak eta Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak bidaiatuko dute.

Basque Week dela-eta antolatutakoez gainera, EAEko ordezkaritzaren programak erakunde-, ekonomia-, unibertsitate- eta kultura-eremuetako jarduerak ere jasotzen ditu; asteartera arte izango dira, urriaren 17ra arte.

Aurreikusten da, hala, topaketak egitea honako hauekin: Japoniako gobernuko kideak, Tokio Metropolitarreko Gobernatzailea, Fukushimako Gobernatzailea (Euskadik eskualde horrekin sinatu du Elkar Ulertzeko Memorandum bat), Toshimako Alkatea eta Hiroshimako Alkatea; azken hiri horretara bertaratuko da Lehendakaria Bakearen Museoa bisitatzera eta Biktimen Memorialean lore-eskaintza bat egitera.

Era berean, Iñigo Urkullu Hiroshimako eta Tokioko unibertsitateetako agintariekin batuko da, eta topaketa bat izango du Tokioko unibertsitateko euskarako eta euskal kulturako irakurletzako ikasleekin.

Eremu ekonomikoan, Arantxa Tapia Sailburuarekin batera, Lehendakaria misio energetikoaren partaide diren enpresekin batuko da, eta Business Leader Summit-en parte hartuko du, sektore energetikoaren, eolikoaren eta hidrogenoaren EAEko enpresen arrakasta-proiektuak aurrez aurre ezagutzeko.

Gainera, Iñigo Urkulluk EAEko turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jardunaldian esku hartuko du; hartan, EAEko hamabi bat operadore turistiko batuko dira, eta Javier Hurtado Sailburua ere bertan izango da.

Basque Week 

Basque Week (www.basqueweek.jp) urriaren 14tik 19ra bitartean izango da, Toshima hirian, Tokio metropolitarraren erdigunean, eta bi espazio izango ditu euskal identitatea, kultura, kirolak eta ohiturak, turismo-erakargarritasuna eta gastronomia ezagutzera emateko.

Astea ostiralean inauguratuko dute, urriaren 13an, Lehendakariak eta Toshimako Alkateak, euskal eta japoniar musika eta dantza fusionatzeko kontzertu batekin.

KALEAN jarduera-programa Global Ring plazan izango da eta jende guztiarentzat zabalik egongo da; hartan, erakusketa-espazioak eta parte hartzeko tailerrak izango dira lau tematikaren inguruan: herri-kirolak, musika-tresna tradizionalak (txalaparta, alboka…), sukaldaritza-tailerrak eta produktu tipikoen dastatzea.

Gainera, musika-emanaldiak eta herri-kirolak izango dira eszenatoki nagusian. BARRUAN espazioan, jarduerak izango dira Toshima Civic Center-en barruan, gastronomiaren sektore profesionalei zuzenduak.

Enpresa-misioa

Japonia lehentasunezko herrialdeetako bat da 2021-2024rako Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-estrategian. EAEko enpresa-eremua oraindik ez dago oso barneratuta merkatu horretan, eta EAEko industriarentzat oso garrantzitsuak diren sektoreetan sartzeko aukera ugari daude, hala nola  energian, automobilgintzan edo makina-erremintan. Japonian, dagoeneko, 11 enpresa daude finkatuta.

Guztira 51 enpresak parte hartuko dute Japoniara bidaiatuko duen enpresako eta herrialdeko misio horretan. 35 industrialak dira, eta gainerakoak turismoaren eta ardoaren sektorearekin daude lotuta.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila hamabost txakolin-upeltegirekin bertaratuko da, eta TOSHIMA CIVIC CENTERen –bertan izango da Basque Week delakoa– eremuan euskolabel produktua sustatzeko programa oso aktiboa kudeatuko du.

Bestalde, Javier Hurtado sailburuak bere agendari hasiera emango dio Jack Junichi Kumada JTB Corp enpresako CEOarekin, Japoniako turismo-industrian liderra den enpresarekin. Larunbatean, urriak 14, promozioa izango du ardatz eta Basque Week-en baitan distantzia luzeko turismoa erakartzeko Sailaren estrategia erakutsiko da. Turismoko sailburuak Euskadiko turismo-informazioko karpa inauguratuko du. Karpa horrek kulturan, gastronomian eta baliabide turistiko garrantzitsuenetan jartzen du arreta.