Nerea Melgosak azpimarratu du «osasun mentalari dagokionez prebentzioak eta diagnostiko goiztiarrak duten garrantzia»

0
PRUEBA
  • FEDEAFESek antolatutako Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna Gasteizko Europa Jauregian
  • «Ikerketak ezin du gelditu, eta albo-ondorio gutxiago dituzten sintomen aukera zabala estaltzen duten tratamenduak behar dira»
  • 10 eta 19 urte bitarteko zazpi nerabetik batek osasun mentaleko arazo bat du diagnostikatuta

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak honako hau nabarmendu du: «osasun mentalari dagokionez prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarraren garrantzia; ikerketak ezin du gelditu, eta albo-ondorio gutxiago dituzten sintomen sorta zabala estaltzen duten tratamenduak behar dira».

Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Europa Jauregian egin den ekitaldi instituzionalean hartu du parte Melgosak, Isabel Garcia, Maider Etxebarria, Angeles Arbaizagoitia, Ines Ibañez de Maeztu, Gorka Urtaran eta Gotzone Sagarduyrekin batera.

«Efizienteagoak eta eraginkorragoak izateko teknologia egokitzea, eta depresioa eta bere konplikazio nagusia, suizidioa, bezalako gaixotasunekin zerikusia duen guztiari buruzko informazio egiazkoa ematea, luze eta zabal hitz egiteko gaiak dira: autozainketa lehenetsi behar da. Horrek lotura zuzena du norberaren osasunarekin, ez bakarrik fisikoarekin, baita mentalarekin eta emozionalarekin ere «adierazi du Nerea Melgosak.

Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, “osasun mentala, fisikoa, emozionala eta erlazionala funtsezko zutabeak dira, eta, gauzak argi baditugu, geure burua ezagutzen badugu eta bereizten badakigu «zer nahi dudan, zer behar dudan, zer uste dudan egin behar dudala, eta non dauden nire konpromisoak eta asmoak», gure lehentasunak ordenatu ahal izango ditugu eta premiazkoa denaren, garrantzitsua denaren eta itxaron dezakeenaren arteko aldea landu ahal izango dugu”.

Lankidetza

Melgosak euskal herritar guztiak animatu ditu «urratsa ematera, FEDEAFESek eta hura osatzen duten elkarteek antolatzen dituzten ekitaldi guztietan parte hartzera eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzen parte hartzera».

«Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak gizarteko kolektibo ahulenen artean daude:  eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko eta, horrela, herritartasun-izaera erabat gauzatzeko laguntzak behar dituzte. Gaixotasun mentalen prebalentzia gizartean oro har hautematen dena baino handiagoa da» azpimarratu du.

Nerea Melgosak azaldu duenez, «entzuten den lehen aldian gehien harritzen gaituen gauzatako bat da 4 pertsonatik 1ek osasun mentaleko arazoren bat izango duela bizitzan zehar. Gazteak kolektibo bereziki kalteberak dira, beren nortasuna bilatzen ari direlako, eta jarraibide osasungarriak eta gizarte-ingurune egokia behar dituztelako. Osasun mentaleko arazoen % 50, OMEren arabera, 14 urte bete baino lehen hasten da, eta % 75, 18 urte bete baino lehen».

Gazteak

10 eta 19 urte bitarteko zazpi nerabetik batek osasun mentaleko arazo bat diagnostikatuta du, 166 milioi haur eta gazte mundu osoan, UNICEFen arabera.  Kasu horien ia erdiak depresioa eta antsietatea bezalako nahasmenduen ondorio dira.

Nerea Melgosaren ustez, «alderdi positibo bat da osasun mentalari buruzko eztabaidak —gaur egungo politikan eta arlo sozialean present— eragina duela jendea kontzientziatuago eta laguntza eskatzeko prest egotean. Izan ere, lehen ezagutzen ez ziren kasu arinagoak iristen hasi dira osasun mentaleko kontsultetara. Hala ere, gaixotasuna duten pertsona askok isilean bizi dute, «zer esango dutenaren» edo «diskriminazioaren» beldur direlako.

Osasun Mentalaren Mundu Eguna 1992ko urriaren 10ean egin zen lehen aldiz, eta Osasun Mentalaren Mundu Federazioak data hori aukeratu zuen osasun mentalaren garrantziaz ohartarazteko.  Harrezkero, Osasunaren Mundu Erakundeak bat egiten du oroipenarekin, eta ekimena babesten du.

Leloa

Aurten, elkarte-mugimenduaren leloa online bozketa ireki batean erabaki da, “Comité Pro-Salud Mental en Primera Persona” batzordeak eta “Red Estatal de Mujeres de la Confederación Salud Mental España” sareak sortutako eta landutako bost proposamenen artean. Aukeratutako eslogana hau izan da: “SALUD MENTAL, SALUD MUNDIAL: UN DERECHO UNIVERSAL” (OSASUN MENTALA, MUNDUKO OSASUNA: ESKUBIDE UNIBERTSALA).  Leloaren ardatza osasun mentala da, giza eskubide unibertsal gisa. Era berean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek giza eskubideen urraketarik ez jasatea du helburu.

Buru Osasuna Euskadirentzako eta hura osatzen duten elkarteentzako (AGIFES, ASAFES, ASASAM eta AVIFES), «pertsona guztientzako gizarte bat eraikitzeak non pertsona guztiak hartuko diren kontuan —baita osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak eta haien familiak ere—, eta haien autonomia pertsonala eta bizitzako eremu guztietan erabateko garapena ahalbidetuko dieten baldintza eta aukera errealak izateak, gizartea eraldatzeko bidean aurrera egitea dakar, aniztasuna eta aukera-berdintasuna onartzeko, eta irisgarritasun unibertsala lortzeko».