eLankidetzak genero ekitatearen eta bakearen aldeko hainbat ekimen solidario babestuko ditu

0

Gobernu Kontseiluak hainbat erakundetarako zuzeneko zazpi dirulaguntza onartu ditu. Guztira, 1.530.000  euro inguru izango dira. Laguntza horiei esker, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailekoa, babestuko ditu emakumeak ahalduntzeko ekimenak Amerikako Erdialdean eta Afrikan, herrialde arabiarretan maskulinitate berriensustapena, Afrikan eguzki-energiako ekimenak edo Hegoko hainbat herrialdeetan bake prozesuak, besteak beste.

Genero ekitatea eta emakumeen ahalduntzea

Lehenengo dirulaguntza zuzena NBE Emakumeei zuzendutakoa izango da. 400.000 euro bideratuko dira “Zaintzen ausartu” eskualde-programa berritzaileari, Afrika Iparraldean eta Ekialde Ertainean maskulinitateak eta gizarte-arau patriarkalak eraldatzeko. Horretarako, besteak beste, erabaki publikoak hartzen dituzten gizonezko sareak indartuko dituzte, eta erlijio-erakundeen arteko elkarrizketa eta liderrei berdintasunean prestakuntza emango diete.

Aurten, eLankidetzak NBE Emakumeei beste dirulaguntza eman dio, El Salvadorren, emakume politikarien ahalduntze prozesuak eta emakumeen parte-hartze politikoa sustatzeko.

Bestalde, eLankidetzak 81.000 euroko dirulaguntza emango dio Colectiva de Mujeres para el Desarrollo Local elkarteari Latinoamerikako eta Karibeko 15. Topaketa Feministaren antolaketan laguntzeko. Topaketa azaroaren 22tik 25era egingo da El Salvadorren, eta, bertan, 2.000 feminista baino gehiagok parte hartuko dute.

Emakumeen ahalduntzeari jarraiki, eLankidetzak 240.000 euro bideratuko ditu Friends of Barefoot Collegek Zanzibarren duen ekimena babestera. Hori esker,  emakumeak eguzki-energiaren eta bizitzeko baliabideen inguruko prestakuntza eta gaitasunak garatzen dituzte. Honako hau, nazioarteko erakundeari emandako bigarren dirulaguntza izango da, eta, aurrekoari esker, Zanzibarreko eta Euskadiko hainbat eragileen arteko trukaketa egon zen.

Aurrekoa ez da eguzki-energiari lotutako babestuko den ekimen bakarra; izan ere, 141.867 euro zuzenduko ditu garapenerako agentziak Eki Fundazioari Sierra Leonan eguzki-energia eta gazteen ekintzailetza eta enplegua bultzatzeko.

Bakea eta uretarako giza eskubidea

Gobernu Kontseiluak onartutako beste laguntza bat  Dialogue Advisory Group (DAG) erakundeari zuzenduko zaio. 250.000 euro bideratuko dira indarkeria murrizteko elkarrizketa politikoak errazteko eta Afrikako Aintzira Handietako, Mozambikeko, Venezuelako eta Kolonbiako eskualdeetako gatazkak prebenitzeko.  DAG adiskidetzaren aldeko apustua eta talde armatuen desmobilizazioan eta armagabetzean aurrera egiten laguntzen duen erakundea da.

Era berean, eLankidetzak 200.000 euro emango dizkio Nazioarteko Bake Brigadei (PBIri). Ekimenak nazioarteko komunitatearen eragin politikoa sustatuko du Afrikan eta Latinoamerikan giza eskubideen defentsarako pertsonak, erakundeak eta komunitateak babesteko.

Azkenik, eLankidetzak AKUAL-Ertamerikaren eta Euskadiren arteko ur eta saneamenduko lankidetza programa sustatzen jarraitzen du bere bigarren edizioan. Horretarako, 217.595,71 euro emango dizkio Euskal Fondoa Asociación de Entidades Locales Vascas Cooperantes erakundeari 2023-2024 urteko plana egiteko, uretarako eta saneamendurako giza eskubidea sustatzen laguntzeko.