Gazteak eta Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agenda. Euskadiko gazteen ezagutza eta iritziak

0

Gazteen Euskal Behatokiak 2023ko ekainean Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarri bati egindako inkesta.

Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 helburuen artean, gazteen ustez, Euskadin ekiteko lehentasunezkoak hauek dira: hirugarrena, osasuna eta ongizatea, zortzigarrena, lan duina eta hazkunde ekonomikoa eta laugarrena, kalitatezko hezkuntza.

Euskadiko gazteriaren ia erdiak Garapen Jasangarrirako Helburuen berri izan du (% 48,7). Berezko ezagutza handiagoa da goi-mailako ikasketak dituztenen artean (% 57,3), eta handixeagoa da Bizkaian (% 53,0), Gipuzkoan (% 44,8) edo Araban (% 42,1) baino.

2030 Agendaren berri izan dutenek ingurumena zaintzearekin, jasangarritasunarekin eta klimaren aldeko ekintzarekin lotzen dute nagusiki, eta, bigarrenik, desberdintasunak murriztearekin, genero-berdintasunarekin eta gizarte-justiziarekin.

Iradokitako ezagutza, 17 Garapen Jasangarrirako Helburuak zabaltzeko erabili den irudia oinarri hartuta, 10 gaztetik ia 8k (% 77,5ek) dute. Iradokitako ezagutza handiagoa da 25 urtetik beherakoen eta goi-mailako ikasketak dituztenen artean.

Gazteei Euskadin lehentasunezko helburuak zeintzuk izan beharko luketen galdetzen zaienean, osasuna eta ongizatea, lan duina eta hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko hezkuntza dira gehien aipatu diren hiruak. 2022. urtearekin alderatuta, nabarmen igo dira osasunarekin eta lan duinarekin lotutako helburuen aipamenak, eta behera egin du Euskadin ekiteko lehentasunezko helburuen artean energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea aipatu duten gazteen ehunekoak.

Gazteek Eusko Jaurlaritza (% 53,0) eta elkarteak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak (% 34,1) aipatu dituzte, 2030 Agenda gehien bultzatzen ari diren bi erakunde zein diren galdetu zaienean.

Baina bost eragiletako zerrenda bat proposatzean eta Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko zein hiru diren gehien egin dezaketenak galdetzean, % 84,1ek erantzun dute gobernuak edo administrazioak direla, % 60,7ren ustez herritarrak eta % 52,8ren iritziz enpresak; beste % 49,6k komunikabideak aipatu ditu eta % 17,1ek Gobernuz Kanpoko Erakundeak.

2030 Agendan jasotako lau gai garrantzitsuk azken urtean mundu mailan izan duten bilakaerari buruzko gazteen iritzia ezkorra da, oro har.

Gazteen ia erdiek uste dute klima-aldaketaren aurkako borrokaren munduko egoera berdin mantendu dela azken urtean (% 48,8), eta antzeko ehunekoa dute hobera egin duela uste dutenek (% 22,0) eta okerrera egin duela uste dutenek (% 20,0).

Hamar gaztetik lauk uste dute munduan giza eskubideen sustapena iazkoaren antzeko egoeran dagoela (% 41,2), eta gehixeago dira bilakaera negatiboa izan dela uste dutenak (% 27,1) positiboa izan dela uste dutenak baino (% 22,1).

Gazteen % 18,0k soilik uste du ekonomia jasangarriaren eta kalitatezko enpleguaren sustapenaren mundu mailako egoera hobetu egin dela; dezente gehiago dira berdin jarraitzen duela (% 37,4) edo okerrera egin duela (% 34,7) uste dutenak.

Pertzepzio negatiboena munduko pobrezia gainditzeari buruzkoa da: soilik % 7,3k uste du hobera egin duela, eta % 39,8k, berriz, okerrera egin duela uste du.

Azkenik, azterlanak 1.000 gaztek baino gehiagok egindako ekarpenak jasotzen ditu, bere gain hartzeko prest egongo liratekeen konpromisoei buruz, honako arlo hauetan laguntzeko: gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzen laguntzea, genero-berdintasuna lortzen laguntzea, ingurumena hobetzen laguntzea, diskriminazioen aurrean aniztasuna eta bizikidetza errespetatzea eta gizartearen intereserako jarrera arduratsuak eta parte-hartzaileak asumitzea.

Erronka horiek lortzeko, gazteek proposamen orokor batzuk planteatu dituzte, guztientzat baliagarriak direnak: informazio gehiago biltzea, hausnartzea eta autokritika egitea, aurreiritziak alde batera uztea eta aniztasuna errespetatzea, aniztasunean berdintasuna defendatzea, salatzea eta mobilizatzea, erantzukizunak hartzea, proaktiboak izatea eta hurbileko ingurunean ekintza zehatzetan parte hartzea.