Hezkuntza Sailak eta Atzegik desgaitasun intelektuala duten pertsonei ikastetxeetan lan-aukerak eskaintzea adostu dute

0
  • Hezkuntza Sailaren eta Atzegiren arteko lankidetzak helburua du desgaitasun intelektuala duten 30 pertsona kontratatzea hiru ikasturtetan, Euskadiko ikastetxeetan
  • Esperientzia honek lanerako aukera emango die desgaitasun intelektuala duten pertsonei, eta ikasleen artean inklusioa eta aukera-berdintasuna bezalako balioak sendotuko ditu

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Donostian izan da gaur goizean, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako Atzegi Elkartearen egoitzan, Euskadiko ikastetxeetan desgaitasun intelektuala duten pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko bi erakundeek duten lankidetzaren harira. Josean Idoeta eta Mitxel Lakunza, Atzegiko presidente eta zuzendaria lagun zituela Atzegira egin duen bisitan, Bildarratz sailburuak bertatik bertara ezagutu du elkarte horrek duela 60 urte baino gehiagotik egiten duen lana, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko.

Hezkuntza Sailaren eta Atzegiren arteko lankidetza-hitzarmenean, datozen hiru ikasturteetan desgaitasun intelektuala duten 30 pertsona Euskadiko ikastetxe publiko zein itunduetan laneratzen laguntzeko helburua ezartzen da. Horrela, ikastetxeak desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko leku bihurtuko dira, haiek lan-munduan integratuz. Lehen 10 kontratazioak 2023-2024 ikasturte honetan egingo dira Gipuzkoako beste hainbeste ikastetxetarako (5 ikastetxe publikoak eta 5 itunpekoak), ekimena aurrerago Arabara eta Bizkaira hedatzeko asmoz. Pertsona horiek sinatuko dituzten kontratuak lanaldi partzialekoak izango dira, eta egunean 4 ordu egingo dute lan. Ordainsaria ez da inoiz izango lanaldi osoko langile batentzat indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50 baino txikiagoa.

Antzeko ekimenetan bildu duen esperientzian oinarrituta, Atzegi arduratuko da kontratu horietarako hautagai diren eta desgaitasun intelektuala duten pertsonak hautatzeaz —pertsona horien baldintzek aukera emango diete ikastetxeetan askotariko lanak egiteko—, baita programan parte hartzeko ikastetxe egokienak aukeratzeaz ere. Kasu guztietan, hautatutako pertsonek 234 orduko berariazko prestakuntza jasoko dute zerbitzu anizkoitzen laguntzaile espezialitatean. Prestakuntza hori beharrezkoa izango da ikastetxeetan esleituko zaizkien eginkizunak betetzeko. Era berean, elkartea arduratuko da kontratatutako pertsonen jarraipena egiteaz eta haiei laguntzeaz. Hezkuntza Sailaren ikuskapen eta lankidetzarekin egingo du hori guztia.

Pertsona hauek beteko dituzten eginkizunak eta zereginak haien gaitasunetara egokituko dira, eta ikastetxe batetik bestera desberdinak izan litezke, ikastetxe horietan identifikatu diren zerbitzu-beharren arabera.

Araba eta Bizkaia

Hezkuntza Sailaren eta Atzegiren arteko lankidetza hau elkarte honek Gipuzkoan desgaitasun intelektuala duten pertsonen inklusio-programetan duen esperientzia luzearen ondorio da. Beraz, lurralde horretan metatutako aurretiazko esperientzia Arabako eta Bizkaiko ikastetxeetara zabalduko da pixkanaka, esperientzia hori transmitituz eta gainerako lurraldeetan lan egiten duten antzeko elkarteei beharrezko prestakuntza emanez.

Esperientzia honek aukera emango die desgaitasuna duten pertsonei, eta beste urrats bat izango da gizartean dibertsitate funtzionala ikusarazteko, bereziki eskoletan. Ikasleek zuzenean ezagutuko dituzte desgaitasun intelektuala duten pertsonen gaitasunak eta gizarteari egiten dioten ekarpena, eta, aldi berean, inklusioa eta aukera-berdintasuna bezalako balioak sendotuko dituzte. Era berean, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeari buruzko aurreiritziak eta joerak ezabatzen lagunduko du.

Atzegi

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea 1960an sortu zen, desgaitasun intelektuala zuten pertsonen eskubideen alde egiteko elkartu zen familia talde baten eskutik. Gaur egun, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du, topaleku bat eskainiz, eta haien parte-hartze soziala erraztuko duen ingurune lagunkoi bat sustatuz; horrela, elkarteak gizarte inklusiboagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa eratzen laguntzen du.