LumaGorri: 30 urte baserriko oilasko jasangarria hazten

0

Gero eta jende gehiago dago gizartean kontsumitzen duenaz kontzientziatuta, bere buruari, ingurumenari edo tokiko ekonomiari on egiteko helburuarekin. Kezka horrekin 10 baserritar bildu ziren 1993an eta LumaGorri sortu zuten “euskal sukaldaritza tradizionalean hain preziatua den baserriko oilaskoa berreskuratzeko”, dio Koldo Huegun Zapirain LumaGorriko lehendakari eta ekoizleak. 

Dagoeneko 30 familiak hazten dituzte LumaGorri oilaskoak baserrietako belardietan. Urtez urte, haien lana ikasten eta hobetzen joan dira, jasangarritasuna, animalien ongizatea eta baserritarren zaintza alde batera utzi gabe. Hasieratik, haien helburuetako bat euskal nekazaritzaren biziraupenerako jarduerak garatzea zen. 

LumaGorrik ustiategi txikietan hazten ditu oilaskoak, eta libre bazkatzen dira baserriaren inguruan; horrek “gure oilaskoek duten haragi trinko eta zaporetsua bermatzen du”, adierazi du Huegunek. Instalazioei dagokienez, prest daude modu tradizionalean lan egin ahal izateko eta, ondorioz, kontsumitzaileei “produkturik onena” eskaintzeko. 

Bezeroak “produktu honen hurbiltasuna eta kalitatea baloratzen ditu”, azaldu du arduradunak. Horregatik dira erosle gehienak Euskal Herrikoak. Batez ere tokiko harakinak, uste baitu haiek direla “produktu bakoitzaren atributuen gainean gida gaitzaketenak”,  kontsumitzaileak erori ez daitezen “merkatuko beste oilasko batzuek jolasten duten anbiguotasun eta despistearen tranpan”; izan ere, horiek askotan hazkuntza askatasunean mezu bera zabaltzen baitute. Hala ere, LumaGorriren produktuak ere aurki daitezke Euskal Herriko, Madrilgo, Bartzelonako edo Alemaniako denda, saltoki handi eta jatetxeetan. 

Orain, bere lanarekin jarraitu ahal izatea du xede, “egoerak marjinak murriztea ekarri baitu”, dio ekoizleak, beti ere bere helburu nagusia ahaztu gabe: euskal nekazaritzaren biziraupena bermatzea. Era berean, kontsumitzaile eta ekoizle belaunaldi berrietara iristea gustatuko litzaioke, LumaGorriren historiari jarraipena emateko. 

Gainera, erosleen eskariari erantzunez, LumaGorriren produktu-sorta handitzeko asmoa du, barietate berriak eskaintzeko, hala nola: oilasko errea, saldak edo mozketa berriak, betiere bere ezaugarriak mantenduz. Hau da, “helburua da ongi egitea eta kontsumitzailearentzat errazagoa eta erakargarriagoa izatea”, azpimarratu du Koldo Huegun Zapirainek. 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.