Mugak Bienalak bere laugarren edizioko hiru pabilioietako lehenengoa ireki du, Tac! Hiri Arkitektura Jaialdiarekin elkarlana

0
  • Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) eta Arquia Fundazioak, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalarekin lankidetzan, Lost Forest aurkeztu dute gaur goizean Saguesen. Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago del Águila arkitektoek egindako pabiloia da, arkitektura jaialdiaren bigarren edizioko lehiaketa irabazi duena.
  • Pabilioia erretako zuhaitz-enborrekin eraiki da, eta baso-suteen errealitatea eta horien ondorioak hiri-ingurunera eraman nahi ditu, arazo horren inguruan kontzientziatuz.
  • Datorren azaroaren 13ra arte Donostian izango den arkitektura jaialdi honek kultur jarduera ugari hartuko ditu pabilioiaren inguruan, arkitektura garaikidearen eta jasangarritasunaren topagune bilakatuko dena.
  •  TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren bigarren edizioa modu paraleloan garatzen da Valentzian eta Donostian, arkitekturak hiri-inguruneko klima-erronken aurrean duen papera aztertzeko premisarekin.

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak bere laugarren edizioko hiru pabilioietako bat aurkeztu du gaur, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) eta Arquia Fundazioarekin lankidetzan, TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren barne. Pabilioia Lost Forest deitzen da eta Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago del Águila arkitekto madrildarrek sortutakoa da. Pabiloia deialdi publiko baten bidez aukeratu dute eta Saguesen egongo da azaroaren 13ra arte.

TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren bigarren edizioa ospatzen ari da udazken honetan Espainiako bi hiritan, Valentzian eta Donostian. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko (MITMA) Hiri Agenda, Etxebizitza eta Arkitekturaren Idazkaritza Nagusiak sustatu du ekimena, Arquia Fundazioarekin batera. Aurtengo edizioan, klima-larrialdiak hiri-ingurunean duen eraginaren aurrean arkitekturak duen zeregina aztertu nahi da, eta haren ondorioak arintzen lagunduko duten konponbideak eskaini.

Donostiako edizioan, jaialdia Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, Habic klusterrarekin, Euskadiko Arkitektura Institutuarekin eta Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalarekin lankidetzan da. Azken honek pabilioiaren inguruan egingo diren jarduera publikoen programa hartuko du bere laugarren edizioan.

Lost Forest, arkitekturako profesional gazteei zuzendutako deialdi publiko baten bidez irabazle suertatu zen proiektua, Sagueseko zabalgunean dago jada, hiria eta naturaren artean itsasoa, mendia eta hiria elkartzen diren tokian. Pabilioiak baso-suteen errealitatea hiri-ingurunera eraman nahi du, eta arazo hau aurrez aurre jarri arreta pizteko. Proposamena Urgull mendiaren morfologian oinarritzen da, hiriko ikur eskultoriko eta birika honetan, eta horri aurre egiteko, erretako zuhaitz-enborrez osatutako izaera ikonikoko egitura gisa altxatzen da.

Iñaqui Carnicero MITMAko Hiri Agenda, Etxebizitza eta Arkitekturako idazkari nagusi eta ekimenaren bultzatzaileak azpimarratu nahi izan du arkitektura funtsezko tresna dela gizarteak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko, hala nola larrialdi klimatikoa, eraginkortasun energetikoa edo pertsonen osasuna eta ongizatea.

«Aurre egin behar diogun krisi klimatikoak edo azken urteotan jasan dugun pandemiak agerian utzi dute arkitekturatik osasunarekin edo klima-aldaketarekin lotutako gaiei aurre egin ahal diegula, batez ere kontuan hartzen badugu CO2 isurien % 40 eraikinek sortzen dituztela», adierazi du.

«Nazioartean oso baloratuta dauden gure herrialdeko arkitekto gazteak erabat jabetzen dira potentzial horretaz, eta, beraz, administrazioek haien alde egin behar dugu, TAC hiri-arkitekturako jaialdia bezalako ekimenen bidez», azpimarratu du.

Bestalde, Nuria Matarredona MITMAko Arkitektura eta Hiri Agendako zuzendari nagusiak adierazi duenez, «funtsezkoa da berrikuntza sustatzea egungo erronkei aurre egiteko, hala nola larrialdi klimatikoari». Halaber, TAC! bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, «talentu gaztearentzat aukerak sortzen baitituzte, eragin handiko lehen obra publikoa eraikitzeko aukera eskainiz».

Klima-aldaketaren ondorioak arintzen lagunduko duen arkitektura

Bigarren edizioan, TAC! -ek gogoeta nagusi gisa proposatu du arkitekturaren erronkei heltzea, gure hirietako larrialdi klimatikoari aurre egiten laguntzeko. Donostian eta Valentzian pabiloiak eraikitzeko ideien lehiaketa publikoa gai horrekin ireki zen martxoan.

Deialdiaren emaitza profesionalen belaunaldi berrien sentsibilitate handiaren isla izan zen, eta berrikuntza handiko irtenbideak jaso ziren planteatutako erronkaren aurrean. Material jasangarri eta berrerabilgarrien erabilera, hiria birnaturalizatzea, paisajismoaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketa, bitartekoen ekonomia edo klimaren ondorioak arintzeko erabili ohi diren arkitektura tradizionaleko elementuen berrinterpretazioa dira jasotako proiektuek aztertutako gaien aniztasun handiaren adibide batzuk.

«Helburua arkitektura kalera hurbiltzea da, esperientzia bizia eta moldagarria bihurtzea, eta etorkizuneko belaunaldien artean lekuaren parte izatearen zentzu sakona lantzea», adierazi du Sol Candela Arquia Fundazioko zuzendariak. Testuinguru horretan, «TAC! ikasteko eta esperimentatzeko tresna bihurtzen da, non bisitariak obraren sortzaile aktiboak diren, eta horrek etengabeko bilakaera eta espazio bizia ahalbidetzen du».

Zentzu honetan, Javier Peña, TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren zuzendari artistikoak nabarmendu duenez, «krisi klimatikoari buruzko ezagutzak eta planeta hobea uzteko beharra gazteenek gogoan dituzten gaiak dira. TAC! esperimentazioa ahalbidetzen dien tresna bihurtzen da».

Lost Forest, baso-suteei buruz kontzientziatzeko erretako zuhaitzez osatutako pabiloia

Julia Ruiz-Cabello Subiela eta Santiago Del Águila arkitekto madrildarren Lost Forest pabiloiak irabazi zuen gazte profesionalei irekitako edizio honetako ideien lehiaketa, non 125 proiektu aurkeztu ziren. Pabiloia eraikitzeko, erretako zuhaitz-enborrak erabili dira, Urgull mendiaren morfologian oinarritutako egitura sortzen dutenak.

Izaera eskultorikoa duen babesleku bat ere bada, bisitariaren oroimenean egoteko eta errealitate horrekiko dugun deskonexioa eta urruntasuna zalantzan jartzeko, hirira, monumentu iragangarri gisa, galdu den baso horren zati bat hurbilduz.

Aldi baterako eraikina 4 metro luzeko enbor pilatuen multzoek eraiki dute, 1.000 estereo inguruko bolumena osatuz, hau da, 500 tona inguruko pisua. 2022ko ekainean Nafarroan ia 15.000 hektarea erre zituzten zortzi suteetatik datorren larizio pinua da espeziea. Julia Ruiz-Cabello Subielak eta Santiago Del Águilak nabarmendu dutenez, «gure pabiloia igarotze- eta kontenplazio-leku gisa ulertzen dugu, naturaren handitasunetik egindako zentzumenezko ibilaldi gisa, nahiz eta kiskalita egon, hausnarketarako espazioak sortzen jarraitzen duena».

Epaimahaiak proposamena nabarmendu zuen «bere berezitasunagatik, gai garrantzitsu bat txertatzen duelako, hala nola baso-suteak eta horrek egungo krisi klimatikoaren egoeran dituen ondorioak, materialaren eta ikono izaera ematen dion sistema modular baten bidez. Pabiloiak, aldi berean, aterpe eta kontenplazio espazio bat eskaintzen du, Sagueseko zabalgunearen eskala handiarekin, hiriarekin, itsasoarekin eta mendiarekin elkarrizketan».

Mugak/ Bienalaren babespean egingo diren jarduerek, arkitekturari, iraunkortasunari eta espazio publikoari buruzko hausnarketa zabalduko dute

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatutako Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren esparruan, pabilioiak doako jarduera publikoen programa bat hartuko du azaroaren 13ra arte. María Arana Bienalaren komisarioak adierazi duenez, «Sagueseko espazioa konplexua da bere dimentsioagatik, baina alderdi positiboa du, gutxi diseinatutako espazioa baita, eta horrek gauza asko gertatzea ahalbidetzen du». Gainera, gogorarazi duenez, «arkitekturak bere funtzio soziala berreskuratu behar du, gaitasun asko baititu gizarte gisa ez ezik, egungo ingurumen- eta gizarte-testuinguruarekin ere berriz konektatzeko».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguik adierazi duenez, «Mugak/ Bienalaren laugarren edizioaren eta TAC! Jaialdiaren arteko lankidetza Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala Arku Atlantikoan erreferentzia izateko heltzen ari den une honetan dator, arkitekturak herritarrekin eta beste diziplina batzuekin duen elkarrizketari dagokionez».

Gainera, Marisol Garmendia bigarren alkateorde eta Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologia zinegotzi delegatuak «Donostiak ekologiarekin eta krisi klimatikoarekin duen konpromisoa» azpimarratu du. “Udaletik herritarren bizitza hobetu nahi dugu eta gure ekintzek ingurumenean duten eragina minimizatzea helburu duten proiektuetan parte hartzen dugu. Pabiloi honetan espazio publikoari eta klima-aldaketari buruzko hausnarketari helduko diogu».

Programaren erronka nagusia, Mugak/ Bienalaren barruan, espazio publikoarekin eta haren ahalmen integratzailearekin esperimentatzea izango da, jasangarritasunari eta arkitekturari buruzko hausnarketa oinarri duten jarduera irekien bidez.

Pabilioian hainbat hitzaldi izango dira, hala nola Monica Parrillak, Greenpeaceko kideak, baso-sute handien inguruan emango duena, edo egurraren astearen inguruan egongo den beste bat. Gainera, José María Torres Nadalek Ekologizatzea lurraren kulturari bizia ematea da izenburupean emango duen tailerra, Impro Films-en Elementuak dokumentalaren estreinaldia, EBko Kontseiluaren Espainiako Lehendakaritzaren kultur programazioaren esparruan, edo Koldobika Jauregui artistaren performance bat ere ospatuko dira.

Programazioa osatzeko, erakusketa bat egingo da Añarbe Gunean. Bertan, Valentziako zein Donostiako egoitzetarako ideien lehiaketara aurkeztutako proiektu nabarmenen aukeraketa bat ezagutuko da, larrialdi klimatikoaren erronkei originaltasun handiz erantzun dieten proiektuen multzoa.