Garamendi: «Negoziazio kolektiboari ekiteko dauden foro aktiboak errespetatu behar dituzte sindikatuek»

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuaren esanetan, «bilera deialdi honekin sindikatuek pantomima bat antzeztu nahi dute gizartearen aurrean duten jarrera justifikatzeko»
  • Sailburuak berretsi du sindikatuen planteamendua ez dela “Euskadin ezarri dugun eskumen esparrua»
  • Negoziazioaren bideari eusteko eta «sektore publikoa eta herritarrentzako zerbitzuak indartzen jarraitzeko ezarritako espazioak errespetatzeko» prest agertu da Garamendi

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendik sindikatuei gogorarazi die «dauden foroak errespetatu behar dituztela, eta martxan daudela, negoziazio kolektiboari ekiteko. Beste edozein bilera paralelo errespetu falta baino ez da». Adierazpenak gaur egin ditu Bilbon, prentsaren aurrean.

Mezu horrek sektore publikoan greba deitu duten aipatutako eragile sindikalen bilera-deialdiari erantzuten dio. Garamendik gaineratu duenez, «bilera honekin, sindikatuek pantomima bat antzeztu besterik ez dute nahi, greba deialdiaren aurreko eszenatokia eta kontaketa eraikitzea beste helbururik gabe, gizartearen aurrean duten jarrera justifikatu nahian».

Sektore publikoa eta herritarrentzako zerbitzua indartzen jarraitzearen aldeko apustua egin ondoren, Sailburuak sindikatuei galdetu die dauden negoziazio foroei buruzko euren konbentzimendua zenbaterainokoa den, «ondo baitakite beren planteamendua ez dela Euskadin ezarri dugun eskumen esparrua».

Hala eta guztiz ere, Sailburuak «eskua luzatu» die «elkarrizketaren bidetik jarraitzeko», eta gogorarazi du aste honetan bertan Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren bilera bat egin dela, eta bertan «sindikatuek ez dutela greba deialdiak justifikatzen dituzten gaiei buruzko aipamenik egin». Gainera, Mahai Orokor bat ere egon da, «elkarrizketa foroak aktibo dauden froga argia».

Era berean, Sailburuak gogorarazi duenez, «enplegu publikoaren kalitatea hobetzeko legegintzaldia izaten ari da oraingoa». Eta baieztapen horren aurrean, honako datu hauek eman ditu:

  • 2024 amaitu aurretik, enplegu publikoa finkatzeko prozesuen bidez, Administrazio Orokorrean 3.700 plaza baino gehiago finkatuko dira, Osakidetzan eta Hezkuntzan 14.000 plazaz gain.
  • Langile publikoak 5.800 gehiago izan dira azken lau urteetan; pribatuak, berriz, 3.800 gehiago.
  • Enplegatu publikoen soldatek azken 10 urteetan izan duten bilakaera izan da Estatuko Legeak ahalbidetu digun maximoa.

Azken puntu horren aurrean, «Konstituzio Auzitegiaren aldetik behin eta berriz lortu dugun erantzun birzentralizatzailea» aipatu du Garamendik. Honen ildotik, “Gobernu honek enplegu publikoko gure langileen antolaketarekin lotutako gai guztiak gauzatzeko dugun eskumena” defendatu du.

Garamendik bere hitzaldia amaitzeko gogorarazi duenez, hobekuntzek zerbitzu publikoaren ikuspegitik etorri behar dute. “Zerbitzu publikoak indartuz, egiten ari garen bezala. Funtzio publikoko errendimenduaren eta jardunaren ebaluazioaren aldeko apustua eginez. Belaunaldi erreleboa kontuan hartuta. Adin piramidearen inbertsioari erantzuten dioten lan-baldintzak lantzen», azpimarratu du.