Japoniara Bidaia:»Kids Guernica» erakusketara bisita

0

Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia eta Javier Hurtado sailburuekin eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera, «Kids Guernica» erakusketa bisitatu du gaur goizean, Espainiak Japonian duen enbaxadan.

KIDS GERNIKA

Kids of Gernika 1995ean Japonian sortutako gobernuz kanpoko erakundea da. Hiroshimako bonbaren 50. urteurrena zela eta, haurrentzako mihise bat egitea agindu zutenean sortu zen proiektu hau garatzeko egitasmoa.

Proiektu artistiko honen helburua da haurrek eurek margotutako eta Picassoren pinturaren tamaina bereko mihiseetan adieraztea bakearen ikuspegia.

Ordutik, proiektua Nazioarteko Batzorde batez hornitu zen eta margotutako muralak munduan zehar bidaiatzen hasi ziren. Bost kontinenteetako hainbat herrialde zeharkatu dituzte, «mundu osoko haurren artean bakearen kultura bultzatzeko» helburuarekin.

Erakusketan ikusgai dauden 9 horma-pinturak Kanada, Japonia (Hiroshima eta Nagasaki), Ginea Berria, India, Austria eta Gernika-Lumoko bertako haurrek egin dituzte.

Gernikako Bakearen Museoak Hiroshimako haurrek Kids for Gernika proiektuaren barruan egindako murala zintzilikatu zuen 2019an bere fatxadan.